BILBO. "Empowering Smart Solutions for Better Cities" izeneko solasaldia Budapesten (Hungaria) egingo da, eta Gotzone Sagardui Bilboko Udaleko Alkatetza, Garapen Ekonomiko eta Gobernu Onaren Koordinazioko zinegotzia bertan izango da.

UE Smart Cities Information System (SCIS) erakundeak antolatu du topaketa, hiri berritzaileagoak, lehiakorragoak eta inklusiboagoak garatzen eta hiri ingurumena iraunkorrago bilakatzen laguntzeko helburu nagusiarekin, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Bilbo hiri adimentsu bilakatzeko asmoarekin udalak erabili dituen estrategietako batzuk azalduko ditu Sagarduik arratsalde honetan izango den mahai inguruan. Budapest, Göteborg (Suedia), Brno (Txekiar Errepublika) eta Varsoviako (Polonia) ordezkaritzek ere parte hartuko dute ekitaldian.

Bilbok hiri adimentsuaren eredua garatzeko proiektu desberdinetan parte hartu du eta Eurocities ekimenaren parte da. Hain zuzen ere, horregatik hartuko du parte Bilboko Udalak ekitaldi honetan. Eurocities Europako metropoli sare nagusia da, eta 30 herrialdetako 130 hiri batzen ditu.

Europako hiriek Europar Batasunak finantzatutako smart cities proiektuetan kolaboratzen eta esperientziak partekatzen dituztela agerian jartzeko antolatu da "Empowering Smart Solutions for Better Cities" foroa. Ekimen horien xedea da karbono emisio gutxiko ekonomia iraunkor, lehiakor eta inklusibo baterako trantsizioa arintzeko irtenbide berritzaileak garatzea eta martxan jartzea.

Budapesteko biltzarra EU Smart Cities Information System (SCIS) erakundearen ekimen bat da.

Europar Batasunaren baitan dagoen erakunde horrek hiri adimentsuak garatzeko espezialistak, hiriak, erakundeak eta enpresak biltzen ditu. Eginkizun nagusia smart cities kontzeptuarekin zerikusia duten esperientziak eta ezagutza metatua partekatzea da, bai eta hiri ingurumen iraunkorrago bat sustatzea eta hainbat alorren inguruko irtenbideak aurkeztea ere, besteak beste, energiari, mugikortasunari, garraioari, informazioaren teknologiei eta komunikazioari dagokienez.