BILBO. Horrela, Kroke taldeak soinu garaikide eta erabat juduekin beteko du Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoa, zapatuan, urriaren 21ean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. 25 urte bete dituen bandak “Ten”, “Cabaret Death” eta “Traveler” bere azken diskoetako gaiak eskainiko ditu. Euren jatorria klezmer musikan dagoen arren, hortik datorkie Kroke izena, hau da Krakovia yiddish hizkuntzan, denbora asko igaro aurretik ekin zioten beste musika bide batzuk aztertzeari euren ibilbidean. Ordutik, klezmerraren harmonia eta Balkanetako soinuak ekialdeko notekin, jazzarekin eta egile inprobisazioekin uztartzen dituen musika eskaintzen dute.
Steven Spielberg liluratuta geratu zen Krakovian jotzen ikusi zituenean, La Lista de Schindler lana errodatzen ari zela. Hirukotearekin klarinetea jotzeaz gain, Jerusalemen jotzera ere gonbidatu zituen. Bandak Peter Gabriel ere liluratu zuen, eta bere disko-etxeak antolatzen duen Womad Jaialdian parte hartzera gonbidatu zituen. Urte batzuk geroago, Genesis taldearen sortzaileetakoak O?wi?cim-eko Life Festivalera joateko gonbidapena jaso zuenean, berariaz eskatu zuen Krokek kontzertu horretan jotzea, eta azken kantan elkarrekin aritu ziren agertokian.
Kroke banda, Krakoviako Musika Akademian ikasle zirenetik ezagutzen diren Tomasz Kukurba (biola, ahotsa eta perkusioa), Jerzy Bawo? (akordeoia) eta Tomasz Lato (kontrabaxua) artistek osatzen dute. Kroke taldearen kontzerturako sarrerek 10 euroko prezioa izango dute, eta astelehenetik, URRIAREN 2tik, aurrera jaso ahal izango dira Power Records dendan eta bilbaokultura.eus webgunean.