BILBAO. Zerbitzu hori Osasun eta Kontsumo Sailean (Iralako Ugalde kalea, 7) egongo da zabalik astelehenetan eta martitzenetan, 09:30etik 11:30era bitartean, azaroaren 29ra arte.

Jendeak batzen dituen perretxiko-aleak jatekoak diren ala ez zehazteko da perretxikoak ezagutzeko zerbitzua. Gerta litezkeen intoxikazioak saihestu nahi ditugu zerbitzu honen bidez.

Dozenaka eta dozenaka lagun hurbiltzen dira perretxikoen sasoian bilbotarren artean harrera bikaina izan duen doako zerbitzu honetara.

Zerbitzuak behar bezala jarduteko, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo sailak gomendio hauek egiten ditu:

  • Batutako perretxiko-mota bakoitzaren ale bat baino gehiago eroatea (hanka osorik aterata dutela eta ebaki barik) eta beste espezie batzuekin nahastu barik.
  • Ale haziak eta zindoak (harrik gabekoak) batu behar dira.Komeni da batu dituenak bera joatea zerbitzura, inguruari eta habitatari buruzko zehaztasunak eman ditzan.
  • Perretxikoak batu eta ahalik arinen egin behar da kontsulta (pare bat egun asko jota). Perretxikook plastikozko poltsetatik kanpo gorde behar dira, zabal-zabal jarrita eta hozkailuaren beheko aldean, sorki lehor eta garbiaz estalita.
  • Ez dira garbitu ez izoztu behar harik eta zelakoak diren jakin arte, usaina eta kolorea galtzen dutelako. Ez dira ontzi berean gorde behar bestelako perretxikoekin.