BILBAO. Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak erakundearen bitartez, “Bizimodu aktiboa parkeetan” programa sartu du denboral di honetako ikastaroetan, 55 urtetik gorakoen artean jarduera fisikoa sustatzeko. Jarduera hori Bilbao Kirolak-en kiroldegietan egin izan da orain arte eta hemendik aurrera, bertsio berri honetan, aire zabalean egingo da, uriko zortzi barrutietako parkeetan (parke bio-osasungarrien ondoan).

Gaur, irailaren 22tik 30era egiten den Kirolaren Europako Astearen barruan, erakusketako klase bat eman da Casilda Iturrizar parkean.

Intentsitate baxuko jarduera fisikoko doako programa hau osasunean oreka izan nahi duten pertsonentzat da, sasoi fisikoa hobetuz edo mantenduz. “Bizimodu aktiboaren” ariketetan egokitzapen fisiko orokorra, jarduera ludikoak eta erritmokoak uztartzen dira eta astero egingo diren jarduerak aldatu egingo dira.

Monitore espezializatuek emango dituzte klaseak eta hauek izango dira ordutegiak eta lekuak, astelehenetik eguenera:

10:00 ? 11:00

Astelehena:Sarrikoko parkea (1. barrutia)

Martitzena: Europa parkea (3. barrutia)

Eguaztena:Etxebarria parkea (4. barrutia)

Eguena: Casilda Iturrizar parkea (6. barrutia)

12:00 ? 13:00

Astelehena: Harritxoen parkea (2. barrutia)

Martitzena:La Peña (5. barrutia)

Eguaztena:Elexabarri kalea (7. barrutia)

Eguena: Zorrotza (8. barrutia)

2017-2018 DENBORALDIA

2017-2018 denboraldirako, Bilbao Kirolak erakundeak 900 ikastaro eta 69 jarduera baino gehiago eskainiko ditu udal kiroldegietan (Artxanda, Atxuri, Deustu, Casilla, Abusu-La Peña, Miribilla, Errekalde, San Ignazio, Txurdinaga eta Zorrotza). Guztira, Bilbao Kirolak ek 22.370 plaza eskainiko ditu umeentzako (6.502) zein helduentzako (15.868) ikastaro eta jardueretan. Plaza horietatik, 16.624 areto barruan egingo dira, 5.403 uretan eta 343 plaza kirol egokiturako gordeko dira.

Plaza kopururik handiena eskari handieneko ikastaroetan eta jardueretan eskainiko da; aretoko jardueretan Fitness, Pilates, Tenis, Spin Bike, Zumbing eta Mantentzea dira; uretako jardueretan, eskari handiena dutenak Igeriketa, Txikien Igeriketa, Jaioberrien Igeriketa, Aquafitness eta Igerijaia dira eta, kirol egokituan, eskari handiena dutenak Igeriketa, Multikirolak eta Jarrera zuzentzea dira.

2017?2018 DENBORALDIKO BERRIKUNTZAK

2017-2018 ikasturtean zazpi jarduera berri izango dira:

  • Super Heroi programa: Miribillako kiroldegian egingo da. 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat da eta igeriketa, akrobaziak eta arte martzialak konbinatzen ditu. Diziplina batzuetan jolasen eta modu dinamikoan neskato-mutikoek euren “superbotereak” garatzea da helburua.
  • Lindy Hop Swing Dancing: dantza-mota bat da, swing musikarekin. Ez dago bikoteka joan beharrik. Koreografiak lantzen dira, oinarrizko mailakoak, taldeka eta bikoteka. Casillako kiroldegian izango da jarduera hau.
  • Aktiba Zaitez: Zorrotzako kiroldegian egingo diren hainbat jarduerek osatzen dute; helburua, ohiko jarduera fisikorik egiten ez duten pertsonak arian-arian sasoian jartzea.
  • HIIT: entrenamendu-saioak, intentsitate handiko tarteak eta intentsitate ertainekoak txandaka egitea. Era horretako saioak eraginkorrak dira bihotz-biriken eta giharren gaitasuna hobetzeko eta gainera, gorputzean pilatutako koipeak kentzen laguntzen dute.
  • Aquazumbing: Zumbing-ak eskaintzen duen oro, erritmoa, musika latinoa, koreografiak, uretan egitean datza; abantaila, kaloria gehiago erretzen direla artikulazioak babesten diren bitartean.
  • Padelfitness: egoera fisikoa hobetzea helburu, padelean ikastea eta padeleko teknika eta taktika guztiak norbereganatzen saiatuko dira. Sasoia hobetzeko, ariketa dinamikoak eta motibagarriak egingo dira, lesiorik ez agertzen lagundu eta norbere konfiantza sendotuko da jolas-ereduak garatzeko.
  • Fatburning: energia-gastu handiko jarduera da eta ariketa aerobikoak, koreografiarik gabekoak eta bizkorgarriak egiten dira. Begirale espezializatu batek gidatuta egiten dira ariketok. Edonork, sasoia zein dela ere, egiteko moduko jarduera da, ariketak egokitu egin daitezke eta.