BILBO. BIG Bilbao zentroak, besteak beste, finantzaketa eskuratzeko laguntza eskaintzen die ekintzaileei. Sinatu duten hitzarmena jarduketa-ildo horren barruan kokatzen da, hain zuzen; eta helburu du Bilbao Ekintzak babesten eta jarraitzen dituen proiektuak sortu eta garatzea sustatzea. Iaz, Bilbao Ekintzak lagundutako enpresa-ekimenek 1.360.000 euroko kanpoko finantzaketa lortu zuten.
Kutxabanken finantzaketa eskuratzeko, enpresa-proposamenek enpresa-plan bat eta Bilbao Ekintzaren teknikariek eginiko aldeko bideragarritasun-txosten bat eduki beharko dituzte. Finantza-erakundeak espezialista bat izendatuko du, BIG Bilbaoren erabiltzaileek aurkezten dituzten proposamenak bideratzeko. Lankidetza-hitzarmenak urtebeteko indarraldia dauka, eta urtebeteko aldietan luzatu daiteke.
BIG Bilbao Bilboko Udalaren ekintzailetza-zentro berritzailea da; Colón de Larreategi kaleko 3. zenbakian dago. Zentro horretan, hiritar ekintzaileei zuzendutako baliabide eta ekimen guztiak bildu dira, eta bere misioa da Bizkaiko hiriburua negozio berriak sortzea erraztu eta sustatuko duen inguru bihurtzea. Ekintzailetzaren alorreko erreferentziazko espazio hori bada ekintzaileen arteko networkinga egiteko leku eta topagune bat ere, enpresa-proiektuen arteko sinergiak sustatzen ditu eta. BIG Bilbao ekin nahi dutenentzako sarbide nagusia da, eta informazio- eta orientabide-nodo gisa dihardu ekintzailetza-prozesu guztian zehar.
Bestalde, Kutxabank finantza-erakundea ETEn esparruaren buruan dago, eta Bizkaiko garapenaz arduratzen da. Horretarako, aurrerapenean laguntzen du finantza-produktu eta -zerbitzu ugari eskainita, bezeroek espero dutenaren eta behar dutenaren ildotik.