Síguenos en redes sociales:

Bilboko Aste Nagusiko Bertako Pop Rock Erakusketak irudi berria estreinatuko du

Bilboko Aste Nagusiko Bertako Pop Rock Erakusketak irudi berria estreinatuko du

BILBO. Antolatzaileek gogoratu dutenez, Platero y Tú, We Are Standard, Penadas por La Ley, Zodiacs, Gora Japon, Zea Mays, Idi Bihotz, Atom Rhumba, Audience, Los Brazos, Memoria de Pez, Porco Bravo, Eureka Hot 4, Ainara Legardon, Smile Rise To Fall, Unbreath, Eneko Mobydick, Rubia, Dekot eta Zazkel moduko taldeak igaro dira erakusketatik. Guztira, 32 ediziotan 2.000 lan baino gehiago aurkeztu eta 326 talde aritu dira Aste Nagusiko ikus-entzuleen aurrean.

2017ko edizioko deialdia zabalik egongo da udal webgunean ekainaren 25era arte. Parte hartu nahi duten taldeek Bizkaikoak izan behar dute, edo gutxienez kide bat eduki behar dute Bizkaian erroldatuta. Metal eta pop rock estilo guztiak onartuko dira, jazza izan ezik. Emakumeek osatutako taldeek eta euskaraz egindako lanek arreta berezia izango dute aukeraketa egiten denean.

Izena emateko, hautagaiek gutxienez jatorrizko lau abesti aurkeztuko dituzte, baita biografia, argazkia eta harremanetarako datuak ere. Kanten hizkuntza edo hizkuntzak, estiloa eta kideen izenak ere adieraziko dituzte.

Aukeratzen diren taldeek lehentasuna emango diote erakusketako emanaldiari eta kontzertua gutxienez 45-50 minutukoa izango da.

Bilboko Udalak 1985ean abiatu zuen Aste Nagusiko Bertako Pop Rock Erakusketa, pop rock musikan tokia bilatzen ari ziren Bizkaiko taldeei bultzada emateko asmoz. Erripa kaia, Unamuno plaza, Areatzako pasealekua eta Bailen kalea izan dira lehiaketaren eszenatokiak. Gaur egun Bilborock aretoan egiten da. Erakusketak Metal For The Crew eta Beste Jack elkarteen laguntza du.