BILBO. San Tomas eguneko azoka tradizionala egingo da datorren asteazkenean, abenduaren 21ean, eta, ohi bezala, Metro Bilbaok zerbitzu berezia eskainiko du, jai herrikoia egun osokoa izaten delako eta egun horretan izaten baititu metroak, historikoki, bidaiari kopuru handienak.

Horrela, zerbitzua indartu eta 2,5 minutuko maiztasunak izango dira metroaren ibilbide komunean (Etxebarri eta San Inazio artean), goizeko 07:30etik gaueko 22:00etara bitartean, ibilbidearen bi noranzkoetan. Sarearen gainontzeko guneetan ere ugarituko dira maiztasunak ordu tarte berean.

Gainera, Metro Bilbaok jakinarazi duenez, Alde Zaharra geltokiko San Nikolaseko sarrera egokituko da, salbuespen moduan, hori baita Areatzako jaigunetik gertuen dagoena. Goizeko 09:00etatik zerbitzua amaitu arte egongo da irekita. Mugikortasun urriko pertsonek Unamuno plazako sarrera erabili beharko dute.

Metroko arduradunek joan-etorriko txartela erosteko gomendatu dute, baita Abandoko geltokia erabiltzeko ere, azoka gunetik hurbil baitago. Era berean, gogoratu du segurtasunagatik debekatuta dagoela metroaren instalazioetara heliozko puxikekin sartzea.