Bilboko suhiltzaileek ate irekien jardunaldiak egingo dituzte asteburuan
Horrela, Bilboko Udalak, aurreko urteetan bezala, bilbotar guztiak gonbidatu ditu, gaztetxoenak gehienbat
BILBO. Bilboko suhiltzaileek Miribillako parkeko instalazioak erakusteko ateak zabalduko dizkiete herritarrei asteburu honetan, eta zenbait jarduera egingo dira. Ospakizunok martxoaren 8an amituko dira, suhiltzaileen zaindaria den San Juan de Dios eguna ospatuta.
Horrela, Bilboko Udalak, aurreko urteetan bezala, bilbotar guztiak gonbidatu ditu, gaztetxoenak gehienbat, programatutako jardueretan parte hartzera eta bertatik bertara ezagutzera profesional horiek gizartearen onerako egiten duten lana.
Ekitaldiak larunbatean hasiko dira, Miribillako instalazioetan. Egun horretan ateak zabalik egongo dira herritarrentzat, suhiltzaileek egunero egiten duten lana eta larrialdiei aurre egiteko irteeretan erabiltzen duten materiala ikusteko eta ezagutzeko.
Goizez, 10:00etatik 13:30era bitartean, instalazioak bisitatzera doazenek zenbait espazio ikusi ahal izango dituzte, suhiltzaileen kamioi berezi batean ibili ahalko dira, eta 50 metroko autoeskala edo tirolinako erakusketan parte hartuko ahalko dute. Umeentzako jolasak eta Gargantua ere han izango dira. Bisitariei intsigniak, gozokiak eta freskagarriak banatuko zaizkie, baita zenbait enpresa laguntzailek emandako opari batzuk ere. Jarduerok 13:30ean amaituko dira.
Igandean, kirol eta lagunarteko kutsu handiagoa izango du jardunaldiak. Ekintza nagusia Bilboko Suhiltzaileen XV. Saria izango da, hiriko kaleetan zehar egingo den sei kilometro inguruko lasterketa. Bertan, Bilboko Udaleko langileek eta beste toki batzuetako suhiltzaileen ordezkariek hartu dezakete parte. Lasterketari irteera eta amaiera Deustuko suhiltzaileen parkean bertan emango zaizkio. Sariak eta opariak suhiltzaileen instalazioetan bertan banatuko zaizkie parte hartzaileei, 12:15etatik aurrera
ZAINDARIA
Ekintzak San Juan de Dios zaindariaren jaiarekin amaituko dira, martxoaren 8an, jardunean jarraitzen dutenei nahiz erretiroa hartu dutenei dedikatutako egunarekin. Hasteko, 11:00etan, ibilgailuen karrusela irtengo da Miribillatik eta Bilboko kaleetan barrena ibiliko da.
Eguneko ekintza nagusia 12:00etan hasiko da, suhiltzaileen parkean bertan ospatuko den San Juan de Diosen omenezko mezarekin. Ospakizuna amaitzen denean, 12:30ean, agintariei harrera eta 2015an erretiroa hartu zuten kideei omenaldia egingo dira. Lankide arteko bazkaria egingo da 14:00etan eta, 16:00etan, Suhiltzaileen IX. Mus Txapelketa hasiko da, aurtengo jarduerei amaiera emateko.
Bilboko suhiltzaileak 1884ko urtarrilaren 17an sortu baziren ere, sorburua lehenagokoa da, 1708an zehaztu baitzen suhiltzaileen erakundea. 1832an, Suteen Batzordea eratu zen; Batzorde hori Hiribilduko korrejidoreak, Udalak izendatutako bi errejidoreek eta Aseguru Mutuen Jabeen Batzorde Nagusiak aukeratutako bi kidek osatu zuten. 1858an, San Jose Suhiltzaile Elkartea sortu zen, Bilboko egungo suhiltzaileen ernamuina.
Más en Bilbao
-
Un acertante de La Primitiva que validó su boleto en Bilbao gana 1,1 millones de euros
-
Bajo la mirada del reloj de la Plaza Nueva: la historia del primer hotel con estrella Michelin de Bilbao
-
El ambiente festivo de la calle corona a Zetak en su segundo concierto en San Mamés
-
Bilbao pone a prueba su red de refugios climáticos ante una ola de calor histórica