BILBO. Josu Zarate abeslariak emanaldia alaituko du, eta taula gainean Mariano Santamaria piano jotzailea eta Amaiur Cajaraville kontrabaxu jotzailea ere egongo dira. Sarrera dohainik izango da, BilbaoMusikak jakinarazi duenez.
Kontzertuaren helburua euskal kantutegi zahar eta berrian dauden abestiak ikusleekin elkarrekin abestea da, besteak beste, "Euskal Herrian euskaraz", "Bizkaia maite", "Anttoni eta Antton", "Agure zaharra", "Txantxibiri", "Izarren hautsa", "Lau teilatu", "Nere herriko neskatxa maite", "Azken agurraren negarra" edo "Aberriaren mugak". Abesti guztiak Xabier Otaoleak moldatu ditu. Hitzak pantaila batean proiektatuko dira, "eta horrela ez da egongo ez abesteko aitzakiarik".
Musikarien eta ikusleen arteko lotura Josu Zarate abeslariak egingo du. "Oskorri, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Gorka Knörr, Mikel Urdangarin, Txomin Artola, Itoiz edo Bilintx bezalako musikarien doinuak abestuko ditugu elkarrekin, eta beste batzuk egile ezezagunenak baina denon memorian ditugunak. Kontzertu honetan, inoiz baino gehiago, guztiok gara protagonista", adierazi dute BilbaoMusikako arduradunek.