BILBO. Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Deustuko Unibertsitateak "Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programaren seigarren edizioa jarri dute martxan. EHUren kasuan, programan parte hartzeko epea uztailaren 22an hasi eta irailaren 20an bukatuko da, eta Deustuko Unibertsitateari dagokionez, berriz, uztailaren 20an itxiko da izena emateko epea.

"Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programa EHUko eta Deustuko Unibertsitateko gradu osteko ikastaroetan matrikulatuta dauden gazteei dago zuzenduta.

Udal etxebizitzak alokairuan eskaintzen zaizkie, parteka ditzaten, pertsona bakoitzak hilean 55 euroko prezio sinbolikoa ordainduz (argi eta ur gastuak aparte). Horren truke, biziko diren 20 etxebizitzak dauden Otxarkoaga eta Bilbo Zaharreko erkidego proiektuetan eta egoera txarrean dauden taldeei laguntzeko jardueretan lagundu behar izango dute.

EHUko 45 ikasle eta Deustuko Unibertsitateko hamar baliatuko dira ekimen horretaz 2015/2016 ikasturtean. EHUren kasuan, eskaria era telematikoan aurkeztu beharko da, ahal izanez gero, Bizkaiko campuseko webgunean (https://www.ehu.eus/bizkaia) dagoen eskariaren bitartez. Halaber, eta salbuespen gisa, eskariak Leioako Errektoretzaren Eraikinean edo Sarrikon dagoen Informazio eta Erregistro Bulegoan ere entregatu ahal izango dira.

Deustuko unibertsitatearen kasuan, inskripzioak zuzenean egin ahal izango dira unibertsitatean bertan dagoen Ikaslearen Arretarako Bulegoan. Halaber, ikasleek, webguneko Ostatua eta Harrera sekzioan dagoen dokumentazioa acogida@deusto.es helbidera bidali ahal izango dute.

"Bilboko Udal Etxebizitzak Gazte Solidarioentzat" programan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da EHUk edo Deustuko Unibertsitateak eskaintzen dituen gradu osteko tituluren batean matrikulatuta egotea eta 35 urte baino gutxiago izatea.

Bilboko Udaleko Etxebizitza Sailetik azpimarratu dutenez, Udal Etxebizitzak erakundeak martxan jarritako programa "oso interesgarria" da, hainbat helburu betetzen dituelako: Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoak biziberritzea eta gaztetzea; unibertsitate mailako prestakuntzaren eta erkidegoarekiko eta gizartearekiko erantzukizunaren arteko bateragarritasuna bultzatzea; eta gazteei -Udal Etxebizitzen arreta jasotzen duen taldeetako bat- eta ikasleei, zehatzago esanez, etxebizitza izateko aukera erraztea.