bilbo - Hizkuntza kontuak izan arren, zenbait berri zenbakiekin irudikatzeko joera hedatuta dago. Horrela, estatistikak azken hamarkadan euskaldunen kopurua hazi dela nabarmendu duen bitartean, erabilerari dagokionez, zenbait esparrutan jaitsiera nabaria dela eman du aditzera. Egun, euskararen erabilpena desertu bat baldin bada, oasi txiki bat izan zen atzo Alondegia goizeko bedera-tziretatik hasita arratsaldeko zazpirak arte. “Euskarari beste esparru bat emateko modu bat da Berbagunea, baina ordu bete labur gelditzen da gure herri proiektu handi horri begira”, adierazi zuen Amets Arzallus bertsolariak, bere ahapaldiekin saio bakoitzari hasiera ematearen arduradunak.
“Askoz bultzada handiagoa eta konplexurik gabekoa beharko luke euskarak. Askotan problema bat daukagu eta dena justifikatzeko beharrarekin bizi gara. Azkenean, nekeza baldin bada euskaraz hitz egitea, nork egingo du? Kontzientziadun gutxiengoak. Egin behar dena da gauzak erraztu eta balio erantsia eman”, iri-tzi zuen Euskal Herriko bertsolari txapeldunak. Zeregin horretan, Arzallusen esanetan, hiztunen zein instituzio publikoen ahalegina beharrezkoa da; izan ere, euskaldunak normaltasunez aritzeko ingurugiro eta erreferenteak sortzeko erantzukizuna erakundeena da. Iritzi bereko agertu zen Sara Gandara kazetaria ere, euskaltegi eta institutu ezberdinetako euskaldunekin aritu ostean.
Euskararen erabilerari dagokionez, lotsarekin edo beste faktore ba-tzuekin estu lotutako zenbait arazo daudela onartu zuen Sabin Anuzitak, Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol zinegotziak: “Argi dugu gazteek ez dutela une oro euskaraz egiten, bermatu behar duguna da ikasgeletatik kanpo euskaraz hitz egiteko esparruak izan ditzaten”. Hala ere, bere esanetan, euskararen iraupena bermatzeko, gaur egun beharrezkoa da euskararen erabilera etxean sustatzea gurasoen inplikazioarekin, eta horretan omen dabiltza. Edonola ere, Anuzitaren hitzetan, nahiz eta ergatiboa ez menperatu zein aditzak gaizki jarri, beldurrak albo batera utzi behar dira, “euskarari kalte egiten diotelako”.
Ados dago Arzallus: “Erabiltzen duenak gaitasuna lantzen du neurri berean. Egin gabeko muskulua eginez lantzen da eta iritsiko da neurri batera non egingo duen gaitasun osoz. Zergatik egiten dut nik euskaraz? Gazteleraz eta frantsesez baino askoz hobe egiten dudalako, hori da mekanismo naturalena, kontzien-tziaren parte da, noski, baina eroriz ikasten duzu ibiltzen”. Eta zer gerta-tzen da euskara ikasteko beharrizanik sentitzen ez duenarekin? “Gure herrian, eremu mugatuago batean bada ere, euskaraz bizi den mundu horrek badu bizitza propio bat; eta euskaraz ez dakienak ezer galtzen ez duenaren sentsazioa baldin badu, berak ere gabezia hori berarekin darama”, epaitzen du Arzallusek.