bilbo - Mugikortasunaren Aste Europarrari bukaera emateko, Hiria nire kotxe barik eguna ospatu zen atzo Bilbon; hartara, Europan zehar auto gabe mugitzeko hainbat tokitan luzatutako deialdiarekin bat egin zuen Bizkaiko hiriburuak. Gure kaleak hobetzea, horra gure aukera lemapean garatu da aurtengo mugikortasunaren astea; izan ere, antolatzaileen esanetan, “gauzak asko hobetu badira ere, beste batzuk gure kontzientziazioaren beharra dute hobetzeko”.

“Beharrezkoa ez den ibilgailuen erabilerari uko egin eta mugikortasun iraunkorrago, ekologikoago eta merkeago baten aldeko apustua” nabarmendu zuten irakurritako agiriaren bitartez; aldi berean, garraio publikoaren bidez, oinez edota bizikletaz mugitzeko gonbidapena luzatu zuten. Hori errazteko azken urteotan egin diren aldaketak azpimarratu zituzten: hala nola, oinezkoentzako alderdi eta bidegorri gehiagoren sorrera.

Bestalde, mugikortasunaren asteari bukaera emateko, itsasadarrean hainbat jarduera ospatu ziren -piraguan joateko doako zerbitzurekin-. Gainera, Decathlon espazioa edota ibilgailu iraunkorren erakusketa zabalik egon ziren.