Miribilla-San Adriango gaztegunea bere ateak ireki ditu larunbata honetan. Udal-ekipamendu berriak 160 metro koadroko azalera dauka eta inguruko gazteek aisialdi osasungarria, ingurune segurua eta garapen pertsonal, sozial eta hezigarrirako aukerak izateko diseinatuta dago. Miribilla-San Adriango Gaztegunea udal-sareko hamargarrena da eta ateak ireki ditu zenbait hilabetetan obrak egin ondoren. Obra horien bidez, 10 eta 16 urte bitarteko gazteen beharretara egokitu da.
Bere ordutegia hau da: astelehenetik eguenera, 17:00etatik 20:00etara, eta barikuetan eta zapatuetan 17:00etatik 21:00etara.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziarekin batera, Miribilla-San Adriango Gaztegune berria bisitatu du. Gaztegunean Maker gune bat dago, Do it yourself filosofian oinarritutako espazioa (erabiltzaileek esperimentatzeko sarbide libreko gunea), eta Bilbao Gazte STEAM Estrategiarekin lotutako ekipo eta jarduerez ere gozatu ahal izango dute. Jarduera horiek bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzen dituzte gazteen artean eta besteak beste Green Power, robotika eta LEGO programazioa, 3D inprimaketa eta antzekoak egin ahal izango dira. Era berean, espazio diafano handi bat dauka ikasteko edo taldeko lanak egiteko mahaiekin, Gaztegunean programatutako jarduerak egiteko eta jarduera dinamikoetarako gunea, hala nola dantza egiteko edo erlaxatzeko gunea.
Horrela, udal-ekipamendu berriaren helburua da aisialdi osasungarriko gunea izatea, inguruko gazteentzat erakargarria eta dinamikoa izango dena. Komunikazio-hizkuntza euskara izango da, ekipamendu berriaren diseinuan parte hartu duten familien eta gazteen eskaerari erantzuteko.