Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldian parte hartu du astearte honetan. Iñigo Zubizarreta Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasuneko zinegotziarekin eta entitate sustatzaileen ordezkariekin batera, Plaza Barrian antolatutako ekitaldian parte hartu du alkateak, bilbotarrei ijito herriaren historia eta kultura ezagutarazten laguntzeko.
Ekitaldia KALE DOR KAYIKO elkarteak antolatu du, SIM ROMI, ASGIBA, ADARRA eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearen laguntzarekin. ROMANI JAIA Bilboren agendan finkatutako oroitzapen-ekitaldia da. Kulturarteko topagunea da, eta interakzio positiboa sustatzen du, udalerriko kultura-aniztasuna aitortzen eta balioesten du, eta Ijito Herriaren inguruan dauden aurreiritziak eta estereotipoak gainditzeko, berdintasuna lortzeko eta diskriminazioa prebenitzeko aukera ematen du.
Alkateak, bere hitzaldian, Ijito Herriaren ezaugarri diren balioak aipatu ditu, eta herri horrek oraindik ere pairatzen dituen bazterketa, estereotipoak eta aurreiritziak gaitzetsi ditu. "Kulturarteko Bilbo honetan, egunero egiten dugu balioen alde, irmotasunez. Horretarako, zuen ekarpena funtsezkoa da", adierazi du.
KALE DOR KAYIKO 1989az geroztik Euskadin lan egiten duen entitate bat da. Gizarteko hainbat sektoreren artean, eskolatzearekin, bizikidetzarekin eta ijito-kulturarekin zerikusia duen guztiaren inguruan kontzientziatzea, prestatzea, aholkatzea eta eztabaida piztea du helburu. Urtero mila haur baino gehiagorekin lan egiten du; 40 ikastetxe baino gehiagotan esku hartzen du, 600 ijito baino gehiagorekin lan egiten du, eta sentsibilizazio-, laneratze- edo aintzatespen-lanak egiten ditu, besteak beste.
Era berean, joan den urtarrilaren 7an, asteartean, Espainiako Gobernuak adierazpen instituzional bat onartu zuen, 2025a "Ijito Herriaren Urtea" izendatzeko, Iberiar Penintsulara iritsi zirenetik (1425eko urtarrilaren 12a) igaro diren 600 urteak ospatzeko.
Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna Munduko Ijito Biltzarrak aukeratu zuen, 1971ko apirilaren 8an Londresen egin zuen batzarrean. Batzar hartan, ijitoen eskubideak aldarrikatu ziren, bandera erromania ofizialdu zen (urdina eta berdea, zerua eta zelaiak irudikatzen, eta gurdi-gurpil gorri bat erdian, Indiatik askatasunerako bidearen ikur), eta ijito herriaren “Gelem Gelem” ereserkia (Jarko Jokanovic-ek idatzia) ofizialdu zen.