Oihane Amantegiren 'Aldiro liburu bat' kontakizuna euskarazko modalitatean, eta Javier Ibarrolaren 'Mañana en mi casa' gaztelaniazko bertsioa izango dira Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri berri duen BizkaIdatz literatura lehiaketaren hamazazpigarren edizioan jarraitu beharreko lanak. Lehiaketaren helburua herritarren artean literatura-sorkuntza bultzatzea eta sustatzea da. Parte hartzaileek kontakizun bat idatzi behar izango dute, aurreko istorio batetik abiatuta, betiere proposatutako kontakizunen hasierara, pertsonaietara eta planteatutako egoeretara egokituta.
Aurtengoan parte hartzeko epea irailaren 11ra arte luzatuko da. Hamasei urtetik gorako bizkaitarrik aurkeztu ahal izango dira (aurreko bi edizioetan saritutakoak izan ezik). Oinarriak eta hasierako istorioak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan eta Bizkaiko Foru Liburutegian eskuragarri daude.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2008an martxan jarri zuen BizkaIdatz literatur lehiaketa bizkaitarren sorkuntza literarioa bultzatzeko eta sustatzeko. Aurreko edizioetan seiehun idazle baino gehiagok hartu dute parte.
Oihane Amantegi Gizarte eta kultura antropologoa formazioz, idazlea eta irakaslea ofizioz. 2020an eman zuen argitara bere lehen eleberri laburra, Ibaiertzeko Ipuina (Elkar); Bilboko Liburu Azokako zazpi Kale Saria irabazi zuen harekin, eta galegora itzulita dago egun. 2023an argitaratu zen bere bigarren liburua, Cayo Hueso (Elkar), Eusko Jaurlaritzak nobela laburrak idazteko ematen duen laguntzarekin. Elkar argitaretxeak eta Beasaingo Udalak antolatzen duten Igartza Sariko epaimahaikide izan da 2021 eta 2022 urteetan. Gaur egun ohiko kolaboratzailea da Berria egunkarian.
Javier Ibarrola (Barakaldo, 1962) Arkitektoa eta idazlea. POUND, bere lehen eleberria, Menoscuarto Ediciones argitaletxean argitaratu zuen.