Datorren asteazkenean, maiatzaren 21ean, San Mamesek Tottenham eta Manchester United taldeen arteko UEFA Europa League txapelketaren finala jasoko du. Bada, egun bat lehenago, asteartean, UEFAK Bilboko Areatzan antolatuko duen Fan Festival jaialdia inauguratuko da, goizeko 11:00etan. Esparrua atontzeko lanak bihar, asteazkenean, maiatzak 14, hasiko dira.
Inaugurazioan parte hartuko dute Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Saileko foru diputatuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Euskal erakundeetako hiru ordezkariek Aritz Aduriz izango dute lagun ekitaldian, Europa Leagueko edizio honetarako UEFAren enbaxadorea, eta bera arduratuko da lehiaketako garaikurra Fan Festival jaialdiaren eremura eramateaz.
Fan Festivala gune neutrala izango da —Ametzolan (Tottenham) eta Etxebarria Parkean (Manchester United) kokatuko diren bi Fan Meeting Points eremuak ez bezala—, eta edukiera bete arte doan sartzeko aukera egongo da. Jaialdiak Bilboko Areatza osoa hartuko du, Areatzako kaia, aterpeak eta Arriaga Antzokiko zabalgunea barne, eta jarduera ugari egingo dira bertan, maiatzaren 20an, 11:00etatik 22:00etara, eta maiatzaren 21ean, 11:00etatik 18:00etara. UEFAk antolatutako topagune horren helburua da hirian jai giroa eta parte hartzailea sortzea, baita adin guztietako herritarrak kirol-ekitaldi historikoaren aurreko orduetan inplikatzea ere.
Asko dira aurreikusitako jarduerak, hala nola UEFA Europa Leagueko garaikur ofiziala hurbiletik ikusi eta argazkiak ateratzea, bi talde finalisten kamiseta ofizialak ikustea, futbol-desafioetan parte hartzea, garaikur erraldoiarekin eta finaleko aulkiekin argazkiak ateratzea, DJ Mimolocoren zuzeneko musikaz gozatzea, UEFAren denda ofiziala bisitatzea (non artikulu eta oroigarri esklusiboak eskuratu daitezkeen) eta giroaz gozatzea, Kresala musika-taldearen eta Sama Siku fanfarrearen eskutik; gainera, eta entretenimendu paregabea egongo da esparru osotik, besteak beste, herri kirolen erakustaldiekin.
Mitoen arteko partida
Areatzako Fan Festivalaren ekitaldi nagusietako bat UEFAk antolatutako Legends Match - Mitoen arteko Partida izango da, finalaren egun berean jokatuko dena, maiatzaren 21ean, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Ekitaldian hiru euskal erakundeetako ordezkariak eta Aritz Aduriz ere izango dira.
Arriaga Antzokiko plazan izango da espazio-txikian jokatuko den lagunarteko partida, UEFA Legends talde batek eta Basque Legends talde batek jokatuko dutena. Azken hori Euskadiko Futbol Federazioak beren-beregi deitutako zazpi futbolari ohik osatuko dute, Euskal Selekzioaren elastikoa jantzi dutenak eta euskal taldeekin Europa Leagueko partidak jokatu dituztenak: Mikel Balenziaga, Beñat Etxebarria, Gorka Iraizoz, Carlos Martínez, Xabi Prieto, Markel Susaeta eta Gaizka Toquero. Lagunarteko partidak 20 minutuko bi zati izango ditu, eta Euskal Epaileen Batzordeko arbitro batek zuzenduko du.