‘Bizilabe Bilbao’ proiektuaren baitan kokatzen den Parekoen Topaketak 2025 ekimenak zientziaren eta teknologiaren arloko profesionalen eta adingabeen arteko elkarrizketa zuzena eta noranzko bikoa garatzeko aukera eman du. Ekimen hau Bilboko gazteen etorkizunerako zubi sendoa eraikitzeko beste urrats bat da, ikerketa eta berrikuntza egunerokotasunean txertatzen lagunduz.

Erdigunean dagoen Zabalgune eraikinak topaketaren laugarren edizioa hartu du astearte arratsaldean. Ekitaldian 21 emakume profesionalek euren esperientziak eta erronkak partekatu dituzte 10 eta 16 urte bitarteko Bilboko 70 ume eta gazterekin, eta horiek STEM esparruko (Science, Technology, Engineering and Mathematics) proiektuak erakutsi dituzte.

Lan-mahai bakoitzean zientzia eta teknologiaren arlo profesionaleko emakume bat eta gazte talde bat bildu dira. Lehenik eta behin, emakume profesionalek egiten duten lanaren berri eman zaie gazteei, eta, ondoren, gazteek “Bizilabe Bilbao” ekimenaren barruan egiten ari diren STEM proiektuak ezagutarazi dizkiete profesionalei.

Parekoen Topaketaren IV. edizioaren bidez 21 profesionalek aholkuak eta iradokizunak eskaini dizkiete umeei, eta, aldi berean, zientziari eta teknologiari lotutako lanbideen esparruan egiten duten lana sakonago ezagutarazteko aukera eman dute. Saioan zehar profesionalak adingabe talde batekin baino gehiagorekin egon dira ideien trukea dinamikoa eta aberasgarria izan dadin.

Parekoen Topaketari esker gazteek emakume erreferenteak ezagutu dituzte zuzenean, baita zientzia eta teknologiako profesionalen egunerokoa ere; halaber, euren proiektuak hobetzeko orientazioa jaso dute.