Datorren ostiralean, martxoaren 13an, Atxuriko Gizakundearen Elizak kontzertu berezi bat jasoko du. Arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bilboko Ganbera Abesbatza eta Orkestraren kontzertua entzuteko aukera eskainiko du Bilboko Udalak, Bilboko Ganbera Musika Elkartearekin indarrak batuz. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte.
Juanlu Díaz-Emparanza zuzendariaren gidaritzapean, publikoak hainbat pieza entzuteko aukera izango du: Karl Jenkins konpositore eta musikari britainiarraren egungo musika klasikoaren aukeraketa bat, eta baita Antonio Vivaldik sortutako Magnificat obra koraleko zenbait pieza ere, musika klasiko barrokoaren gailurretako bat bezala hartzen dena.
Emanaldia Karl Jenkinsen Requiem obraren zati baten interpretazioarekin hasiko da, hain zuzen ere: Introitus, Die Irae, Confutatis, Lacrimosa, Lux Aeterna, Agnus Dei eta In Paradisum. Ondoren, Vivaldiren Magnificat obrari dagozkion piezak eskainiko dira: Magnificat anima mea, Et misericordia, Fecit potentiam, Deposuit potentes eta Gloria Patri.
Bilboko Ganbera Abesbatza
1997an, hiriko musika bokalezale talde batek Bilboko Ganbera Abesbatza sortzea erabaki zuen. Urtebete geroago, Bilboko Ganbera Orkestra sortu zen eta euren lehen emanaldia 1979an egin zuten. Data horretatik aurrera, taldea Bilboko Ganbera Abesbatza eta Orkestra izenez ezagutzen da, eta ordutik ehunka kontzertu eskaini ditu Bilbon, Bizkaian, Estatuan eta nazioarteko hainbat hiritan. Gaur egun, Ganbera Abesbatza eta Orkestrako talde musikala 45 pertsonak osatzen dute, Juanlu Díaz-Emparanzaren zuzendaritzapean.
Kontzertu hau hiriko adierazpen artistikoak deszentralizatzeko helburuaren baitan kokatzen da, kultura auzotar guztietara hurbiltzeko asmoz. Era berean, udal erakundeen—kasuan kasu, Udalaren— eta tokiko kultura-eragileen arteko lankidetza sustatzen du, hau da, Bilboko Ganbera Abesbatza eta Orkestrarenarekin. Guzti hori Bilboko 2023–2033 Kultura Plan Estrategikoaren ildo estrategikoetan txertatzen da.