Galdakaoko Udalak martxan du udal garajeetako 253 plaza esleitzeko prozesua. Amaitu da jada eskabideak aurkezteko epea, 1.284 eskaerekin: 223 erabilera lagapen modalitatean eta 1.061 alokairu erregimenean. Orain, behin behinean onartutako eta baztertutako pertsonen zerrenda argitaratu du Udalak.
Erabilera lagapen modalitatean, behin behineko zerrendan mugikortasun urriko 3 pertsona daude, eta behin behinean baztertutako bederatzi eskaera. Alokairuari dagokionez, jasotako 1.061 eskaeretatik 31 behin behinean ukatu egin dira. Alokairuzkoen kasuan, eskaera egin duten pertsonen artean 21ek mugikortasun urria daukate.
Behin behineko zerrendan baztertutako eskaerak, batez ere, eskatzaile berak ibilgailu berari buruzko eskaera bat baino gehiago aurkezteagatik edo auto bereko titularkide batek baino gehiagok zozketan parte hartzea eskatzeagatik izan dira. Kasu horietan azken eskaera kontuan hartu da, aurrekoak baliogabetuz.
Alegazioak aurkezteko epea
Atzo, martxoak 11, alegazioak aurkezteko epea ireki zen, eta martxoaren 20ra arte, ostirala, egongo da zabalik. Tarte horretan, eskaera egin duten pertsonek behin behineko zerrenda aztertu eta alegazioak aurkez ditzakete, akats edo intzidentziaren bat antzemanez gero. Alegazioak Udalari zuzendutako eskabide orokorraren bidez izapidetu ahal izango dira, bai egoitza elektronikoaren bidez, bai ESAN herritarren arretarako bulegoan.
Epe hori amaitu ondoren, martxoaren 24an argitaratuko da behin betiko onartutako pertsonen zerrenda. Prozesua martxoaren 27an bukatuko da, udal garajeetako plazak esleitzeko zozketa publikoarekin.