EHUko Esperientzia Geletan "Bilbo, ingurumena, memoria eta etorkizuna" dokumentala proiektatu da Mugikortasunaren Aste Europarra (Bilboko 2024ko MAE) dela-eta egindako ekitaldien esparruan. Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak eta Mikel Toral dokumentalaren egile eta Kultura Irekia elkarteko presidenteak 30 minutuko dokumental hori aurkeztu dute. Bertan, Bilbo ekologikoago baten aldeko borroken balantzea egiten da, baita mugimendu ekologisten ekarpen nagusiak, aurrerapenak, zailtasunak eta etorkizuneko erronkak ere. Dokumentalean erlazio dialektikoa ezartzen da ekologisten eskarien eta erakundeek ingurumenaren alde eta hura hobetzeko emandako erantzunen artean, 1968tik gaur egun arteko hamarkadetan. Ekitaldia Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak inauguratu du.

Erandioko, Lemoizeko gertakariak, Artigasko zabortegia, kutsadura, itsasadarra, mugikortasuna, birziklatzea, Pagasarri, energia-alternatibak, Bilbo 30era, eraztun berdea, klima-larrialdia... gaiak jorratu dituzte mugimendu ekologistako kideen eta udal-arduradunen testigantzen bidez, Bilbo eta ingurumenaren hobekuntza bateratzeko akordio, desadostasun eta helburu komunekin. Industria hiri izatetik zerbitzuen hiri izandako bilakaeraren irudi historikoak ere jaso dituzte.

HIRIAREN ERALDAKETARI BURUZKO MAHAI-INGURUA

Dokumentala proiektatu ondoren, mahai-inguru bat egin da, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak eta EHUk elkarrekin antolatua; Bilbo hiri industrial izatetik zerbitzuen hiri izatera izandako eraldaketa aztertu dute. Hauek parte hartu dute mahai-inguruan: Nora Abete eta Mikel Toral; Juanjo Olaizola, Trenbidearen Euskal Museoko zuzendaria, trenbidea eta haren azpiegiturak eraldatzeko zeregina aztertu duena; Víctor Trimiño, Bilboko Udaleko Jasangarritasuneko zuzendaria, eta Elisabete Alberdi, Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea (EHU).     Alberdik azaldu du gradu amaierako ikasleen zenbait proiektuk jasangarritasunari egin dioten ekarpena, ingurunearen jasangarritasuna hobetzen lagundu baitute.