Columbus Fundazioak antolatutako RenHacer ongintzako jaialdia Bilbora iritsiko da bihar, irailak 13. Columbus Fundazioak, jatorri genetikoko gaixotasun arraroetarako sendaketak bultzatzeaz gain, musikaren botere eraldatzailean errotutako tradizio kultural eta humano bat ezarri nahi du. Hori dela-eta, ekitaldi honek erakusten du musika garapenerako eta gizarte-kohesiorako tresna izan daitekeela. "Horregatik, oso eskertuta gaude Joaquín Achúcarro eta Ramón Tebarrekin, jaialdiaren edizio honetan parte hartzeagatik eta Columbus Fundazioarekin daukaten konpromisoagatik", adierazi du gaur Javier García Cogorrok Bilboko Udaletxean eskainitako prentsaurrekoan.   

Kontzertu bat ekarriko digu Euskalduna Jauregira, Joaquín Achúcarro pianistaren eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren (BOS) partaidetzarekin, jaialdiko musika-zuzendaria den Ramón Tebar maisuaren zuzendaritzapean. Jaialdi hau (aurtengoan hirugarren edizioa beteko duena) jatorri genetikoko gaixotasun arraroak dituzten pertsonen bizitza hobetzeko ekimena da.

Arantzazuko Santutegian du egoitza, eta irailaren 14an bertan emango du itxiera-kontzertua. Dagoeneko, RenHacer jaialdia erreferente bat da Euskadin, bai programen kalitate musikalarengatik, bai Columbus Fundazioaren kausaren inpaktu sozialarengatik.   SPG50 eta AADC gaixotasunak dituzten haurren tratamendurako ahaleginak jarraitzera bideratuko dira bildutako funtsak. Aurten, fundazioa gaixotasun arraro berri baten inguruan (CMT4J) hasi da lanean, eta funtsak saiakuntza klinikoa bizkortzeko ere erabiliko dira. Aurreko edizioko funtsei esker, duela aste gutxi batzuk saiakuntza kliniko bat hasi zen BioGipuzkoarekin SPG50erako.

Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu duenez, "gure hiriarentzat ohore handia da proiektu honetan parte hartzea, kultura balioen bultzadarekin lotzen baitu, pertsonak beti erdigunean jarriz. Gure ekintzarik maiteenetako bat ‘Bilbao Balioen Hiria, Bilbao Ciudad de Valores’ izenekoa da. Ekimen horrek zerikusi handia du gure uria handitzera datorren jaialdi honekin, are gehiago Joaquín Achúcarro bezalako figurak gure artean ditugunean, hain zuzen ere Bilboko Seme Kutuna izendapena jaso duen musikaria".

Jaialdiaren bizkarrezurra hiru kontzertuk osatzen dute, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin (BOS). Zehazki, Edvard Grieg-en la minorreko opus 16 piano-kontzertua eta Johannes Brahms-en mi minorreko 4. sinfonia, opus 98, interpretatuko ditu.

Jaialdia irailaren 6an hasi zen Chillida-Lekun, Eduardo Sandoval tenorearen kontzertu batekin, eta ondoren cocktail bat eskaini zen inaugurazio-ekitaldi gisa. Atzo, irailak 11, Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian ospatu zen. Hilaren 14an, Arantzazun, ohiko matinee-a egingo da kriptan, Angel Luis Quintana txelistaren eskutik. Era berean, bisitak egiten ari dira ospitaleetara eta adinekoen egoitzetara, normalean zuzeneko musika entzun ezin duten pertsonei musika hurbiltzeko.

Halaber, Columbus Fundazioak RenHacer IV. Jaialdiaren aurrerapenaren berri eman du. Jaialdia 2025eko irailaren 6tik 14ra egingo da, eta bertan Verdiren Requiema interpretatuko dute Donostiako Orfeoiak, Jonathan Tetelman tenoreak, María Jose Montiel mezzosopranoak, Miren Urbieta-Vega sopranoak eta Albert Pesendorfer baxuak, Ramón Tebar maisuaren musika-zuzendaritzarekin. Gainera, kontzertu lirikoak, ganbera-kontzertuak eta bestelako gizarte- eta hezkuntza-jarduera batzuk egingo dira.