Bilbok Mugikortasunaren Aste Europarraren kanpaina sustatu du, irailaren 16tik 22ra bitartean hainbat jarduera antolatuz, "Espazio Publiko Partekatua" lelopean. Nora Abete Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak gaur aurkeztu du energia fosilen kontsumoa eta Bilboko kutsadura atmosferikoa eta akustikoa gehiago murrizteko beharraz sentsibilizatzera begira Udalak antolatu duen egitaraua, betiere "uri atseginagoa, osasungarriagoa eta berdinzaleagoa" lortze aldera.
Badira 25 urte Bilbok mugikortasun jasangarriaren alde egiten duena; lehenengo urte bietan, "Bilbo, nire autoa barik" ekimena babestuz eta hurrengo 23 urteetan "Mugikortasunaren Aste Europarra", Europako Batzordea 2002an hura bultzatzen hasi zenetik.
Aurkezpena Zazpi Kaleetako geltokiko Euskotren Espazioan egin da, eta bertan parte hartu dute, halaber, Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuak eta Sonia Pérez Ezquerra Garraio, Mugikortasun eta Turismo Saileko foru diputatuak; haien ondoan izan dira 2024ko Bilboko MAEren babesle eta kolaboratzaileak.
"Euskotren Espazioa" aukeratu izanak badu bere garrantzia, hain zuzen ere, trenari aitortzen zaiola garraiobide jasangarrien artetik nagusiena dela Bilbon, autobusekin, bizikletekin eta oinezkoentzako guneekin batera, betiere garraioa deskarbonizatzeko bidean mugikortasun jasangarria, fidagarria eta segurua lortze aldera. Mugikortasun jasangarrian ibilbide luzeko eragilea baita, trenbide-sistemaren elektrifikazioak erreferente bihurtzen du trena ingurunearen bizi-kalitatea hobetzeko orduan, garapen sozioekonomikoari eta lurraldearen egituraketari egiten dion ekarpena alde batera utzi gabe.