Udalak lau kamioi berri gehitu ditu bere ibilgailu-parkera, eta hiriko herri-zerbitzuetarako erabiliko dira. Zehazki, horietako bik hondakinak biltzeko zerbitzuan jardungo dute, eta beste bik lorezaintza lanetan. “Gasoleoaren ordez, gas natural konprimitua erregai gisa gehituta, Getxok karbono-aztarnaren inpaktua murrizteko lanean jarraitzen du, oinarrizko zerbitzuak ematean, hiri-bilbean hain kutsagarria ez den makineria erabilita, zarata-emisio txikiagoa eragiten duena eta ingurumen aldetik jasangarriagoa dena”, Ingurumen Zerbitzuko zinegotzi Iñigo Urkitzak kamioi berrien aurkezpenean nabarmendu duenez.
Hondakinak biltzeko zerbitzuari dagokionez, Udala aurtengo bigarren seihilekotik aurrera iritsiko den kontratu berria prestatzen hasi da, kamioi berrietako bi gehituta. Lehenengoak, alboko kargako hondakinak biltzeko prestatua da, 17m3-ko edukiera du, eta hainbat zatikitako edukiontzietako hondakinak batuko ditu. Bigarren kamioiak, bi konpartimentu ditu, 16m3-ko edukiera du eta bi lan-eremutara zabalduko du saltokietan hondakinak biltzeko zerbitzua, orain arte udalerri osorako kamioi bakarra baitzegoen.
Bi ibilgailuen inbertsioa 650.000 eurora iritsi da, 336.000 euro alboko bilketarako kamioiaren kasuan eta 326.000 euro bi konpartimentu dituen kamioiaren kasuan. Azken horrek 50.000 euroko dirulaguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, hondakinen kudeaketa eraginkorrarekin lotutako laguntza-programaren barruan. Dirulaguntza hori, bide publikoan jarritako gaikako bilketarako edukiontzientzat dagoeneko jasotako 40.000 euroko beste laguntza bati gehitu behar zaio.
“Udalak etxeko hondakinak eta gure udalerriko jarduerek eragindako hondakinak jatorrian bereiztea sustatzen duten bilketa-ekipoak sartzeko hartutako neurriak Hondakinen Europako Zuzentarauan eta Hondakinen Legean ezarritako helburuetara bideratutako ekintzak dira. Aldundiak berariazko dirulaguntza eman die, eta horrek indartu egiten du Udalak legegintzaldi honetarako ezarritako lan-ildo estrategikoa”, Urkitzak azpimarratu duenez.
Lorezaintza-zerbitzuari dagokionez, kutxa irekiko bi kamioi sartu dira, garabia dutenak, eta, hurrenez hurren, 23 eta 16 urteko antzinatasuna duten beste bi ibilgailu ordeztera datoz. Azken ibilgailu horiek eguneroko ohiko zerbitzutik kendu dira, eta udal-parkean sartu dira, udalaren beharretarako unean uneko erreserba eta laguntza zerbitzua emateko. Bi kamioi berrien kostua lorezaintza-zerbitzuaren enpresa esleipendunaren kontura izan da, kontratuan horrela jasotzen baita.