Bizkaiko gazteen kezkei, beharrei eta lehentasunei buruzko informazioa biltzeko parte hartzeko prozesu berri bat jarri du martxan Bizkaiko Foru Aldundiak, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailaren bidez. Prozesu hori hiru fasetan egituratzen da -entzutea, eztabaidatzea eta instituzioan eragitea-, gazteen ekarpenek etorkizuneko politika publikoen diseinuan benetako inpaktua izango dutela bermatzeko. Hala, ekimen hau ez da antzeko beste batzuk bezala, ez baita mugatuko datuak diagnostiko gisa biltzera.
Prozesuaren hasieran, Bizkaiko gazteei zuzendutako inkesta publiko bat irekiko da. Inkesta horri esker, gazteek beren eguneroko bizitzari eragiten dioten erronka nagusiei buruz dituzten iritziak eta esperientziak jaso ahal izango dira.
Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatu Teresa Laespadak azpimarratu duenez, "Gazteei entzutea ezinbestekoa da haien aukerak indartu, garapenean lagundu eta eskubideak bermatuko dizkieten politikak eraikitzeko. Instituzioa gazteengana hurbiltzeko, lotura hori indartzeko eta haien benetako beharrizanak hobeto ezagutzeko tresna bat da kontsulta. Helburua da ekarpenak erabaki publikoetan kontuan hartu ahal izatea da".
Zergatik da garrantzitsua parte hartzea? Inkestaren bidez, zuzenean jakin nahi da zein diren Bizkaiko gazteen esperientziak, kezkak eta proposamenak. Horretarako, galdera hauek egiten ditu:
- Zure ustez, zer alderdi bultzatu behar dira gehiago gazteen bizitza hobetzeko?
- Instituzioek kontuan hartu beharko lituzketen zer arazok eragiten diote zure eguneroko bizimoduari?
- Zer ideia edo irtenbide proposatuko zenituzke Bizkaia bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta gazteentzako aukera gehiago dituena eraikitzeko?
Jasotzen diren ekarpenak baliagarriak izango dira lehentasunak zehazteko, estrategiak diseinatzeko eta etorkizuneko ekintzak bideratzeko gazte-politika publikoen esparruan.
Parte hartzeko, Bizkaiko Gazteak web-orrian sartu behar da, eta 'Parte hartu' atalean klikatu, non inkesta eskuragarri baitago.
Hiru faseko partaidetza-prozesua
Prozesua elkarren artean osagarriak diren hiru fasetan egituratzen da, gazteek etapa guztietan parte hartuko dutela bermatzeko:
- Entzute aktiboa. Erronkak, kezkak eta lehentasunak identifikatzeko iritziak biltzea inkestaren bidez.
- Eztabaidatzea. Detektatutako arazoak aztertzeko eta proposamen zehatzak egiteko gogoeta-guneak.
- Instituzioan eragitea. Ekarpenak Aldundiari helaraziko zaizkio, gazteei zuzendutako etorkizuneko politika publikoetan kontuan har ditzan.
Bizkaiko Gazteak: gazteak protagonista
Ekimen honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat emango du Bizkaiko Gazteak gazteen partaidetzareko estrategiaren barruan; izan ere, estrategia horretan oinarrituta, gazteen ekarpenak jaso jaso nahi ditu, eta politika publikoak diseinatzeko orduan haien premiak kontuan hartzen direla bermatu.
Hala, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak indartu egingo ditu gazteengandik zuzenean sortutako proposamenak entzuteko, eztabaidatzeko eta erakundeei helarazteko mekanismoak.