Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak (PSSZ) bere flotan sartu berri ditu lehen bi ibilgailu % 100 elektrikoak. Ibilgailuak Uriosteko eta Iurretako parkeetarako izango dira. Bizkaiko PSSZk abian jarritako 2022-24 Garapen Jasangarriko Planean jasotako ekintzetako bat da, eta, honenbestez, jasangarritasun plan bat abian jartzen duen Estatuko lehen zerbitzua da. Foru zerbitzuko suhiltzaileek ibilgailu horiek langileak garraiatzeko eta kudeaketa-lanak egiteko erabiliko dituzte.
Era berean, Suhiltzaileen Zerbitzuak jaso berri du azken belaunaldiko kamioi bat, kasu honetan Ezkerraldeko eta Enkarterriko hamar bat udalerriri zerbitzua emateko. Lur orotako basorako autoponpa astuna da, merkatuko azken teknologiak eta autobabeserako sistemak dituena. Foru Erakundeak 1993tik parke horretan jarduten zuena ordezkatzeko erosi du kamioi hau.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, Ager Izagirrek, nabarmendu duenez, ibilgailu hauek "indartu egiten dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak jasangarritasunaren eta modernizazioaren alde duten konpromisoa eta beste urrats bat dira Europan erreferentziazko zerbitzu bihurtzeko helburua lortzeari dagokionez".
Hiru ibilgailu berri hauek erosteko 506.608 euroko inbertsioa egin da.
"Segurtasunarekin eta eraginkortasunarekin konprometituta gaude eta gure ontzidian sartu ditugun azken belaunaldiko ibilgailu berri hauek konpromiso horren isla dira", esan du Ager Izagirrek.
Basorako kamioi berriaren ezaugarri teknikoak
Bizkaiko PSSZk jaso berri duen basorako kamioi berriak Uriosteko parketik jardungo du. Unimog U5023 4X4 txasis gaineko basorako autoponpa astuna da, Mercedes-Benz OM934 motorra duena. Lur orotako dituen ezaugarriei esker iristeko zailak diren lekuetara iristen da, baso-suteak gertatu ohi diren lekuetara alegia, eta lurreko laguntza ematen die sua itzaltzeko dispositiboko baso-talde eta suhiltzaileei. Bigarren mailako jarduera gisa landa-inguruneko ezbeharrak neutralizatzen laguntzen du.
Trakzio integraleko ibilgailu berri honek erabiltzaileentzako arrisku handiko egoeretarako arnasteko aire konprimituzko sistema duen hiru pertsonentzako kabina du. Beira-zuntzez indartutako plastikoz egindako zisternaz hornituta dago eta 4.000 litroko edukiera du (500 litro autobabeserako gordetzen dira); presio-ponpa konbinatua minutuko 3.500 litroraino iristen da 10 bar-era eta minutuko 400 litroraino 40 bar-era. 6,3 metroko luzera du, 14.300 kilo pisatzen ditu eta 231 ZPko potentzia du.
Uriosteko suhiltzaileak prestakuntza jasotzen ari dira egunotan eta maniobrak egingo dituzte datozen egunetan martxan jarriko den basorako kamioi berriaren erabilera ezagutzeko.
Abangoardiako segurtasun-elementuak
Aldundiak Bizkaiko suhiltzaileen foru zerbitzurako erosi duen basorako autoponpa astun berriak suhiltzaileen segurtasuna bermatzeko babes-elementu aurreratuak ditu.
Iraulietarako babesteko kanpoko egitura du, eta iraultzeko arriskua dagoela ohartarazteko sistema bat du, kabinako pantaila batetik seinale akustikoak eta ikusizko abisuak emititzen dituena. Gainera, suaren aurkako errezelak ditu muturreko eta ustekabeko egoeretan isolamendu termikoa lortzeko, hala nola, balizko harrapaketa batean, eta baita ihinztagailuetatik ura botatzen duen autobabes-sistema bat ere, sua gertatuz gero kabina eta ibilgailuaren baxuak babestuz. Ura zisternako konpartimentu esklusibo batetik ateratzen da eta kabinan eta ponparen panelean aginte irisgarriak dituen elektro-ponpa batek bultzatzen du. Sistema termikoaren erantzun-denbora 20 segundo baino gutxiagokoa da eta gutxienez bost minutuko babesa eskaintzen du (bi zirkuituen erabilera konbinatuan).
Urtea amaitu baino lehen Bizkaiko Foru Aldundiak ezaugarri bereko beste bi basorako autoponpa jarriko ditu suhiltzaile zerbitzuaren eskuetan. Gainera, 2025erako erosi nahi duenarekin, foru erakundeak berritu egingo du PSSZko basorako kamioien flota osoa.