Barakaldoko Etxebizitza, Hirigintza Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi Juan Antonio Pizarrok jakinarazi duenez onespena eman zaio Retuerto kaleko 75. zenbakian dagoen partzelari atxikitako kanpoko urbanizazio-proiektuari. "Zonan supermerkatu bat instalatuko denez, espaloi bat egokituko da N-634 errepidearen ondoan, gaur egun bazterbidetik bakarrik ibil daitekeen tarte batean, eta horrek hobetu egingo du inguruko bide-segurtasuna. Gainera, Ugartebeitia kaletik Maderas Zubizarretako biribilgunerako irteera beste errei batekin zabalduko da, errepide nazionalera sartzea errazteko eta inguruan trafikorik ez pilatzeko ", azaldu du Pizarrok. Ekimen pribatu horri esker, oinezkoen eta trafikoaren hobekuntza berri bat egin ahal izango da Kareaga inguruan, Trapagarango udalerriaren mugan.

Jarduketak, halaber, Ugartebeitia eta Kareaga kaleetan espaloi berriak sortzea jasotzen du, etorkizuneko supermerkatuko partzela inguratuz, eta saltokirako oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbideak egokituz.

Esku-hartzearen xede den orubeak 5.315,4 metro karratuko azalera du, eta gaur egun, batez ere, erabiltzen ez diren industria-pabiloiek okupatzen dute. Pabiloi horiek eraitsi egingo dira, supermerkatura ¿ enpresak eraisteko baimena du ¿ eta espaloi eta bide berrietara igarotzeko.

"Etxebizitza asko dituen eremua ez bada ere, ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorri handia du, Max Center eta inguruan gertatzen diren beste jarduera ekonomiko batzuk direla-eta: dendak eta beste supermerkatu batzuk, industriak, Inguraldeko enpresa-mintegia... Horregatik, ingurunea hobetu beharra zegoen, eta hori da supermerkatu berri honen instalazioan kokatutako jarduketekin lortuko duena ", adierazi du Juan Antonio Pizarrok.

Urbanizazio-proiektuak udal-teknikarien aldeko txostenak ditu. Orain jendaurrean jarriko da eta, ondoren, Udalbatzak abalatu beharko du.