Torrezabal Kultur Etxea hogeita hamar urte beteko ditu udazkenean eta urteurrena ospatzeko programazio berezia prestatzen ari da Kultura Arloa. Aurretik, antzokia berritzeko lanak abiatuko dira, urtarrilaren 8an, baina programazioa ez da etengo: espazio berriak egokituko dira arte eszenikoez eta zinemaz gozatzen jarraitzeko.

Torrezabal antzokia “ikusle zein artistentzat erosoagoa eta inklusiboagoa izan dadin” egingo dira zaharberritze lanak. Hori adierazi du Edurne Espilla Kultura zinegotziak, Katrin Schlegel Kultura teknikariarekin eta Irune Pagaldai arkitekto teknikoarekin batera eskaini duen prentsaurrekoan. 

Pagaldaik eman ditu antzokian egingo diren hiru aldaketa nagusien berri: “batetik, soinua isolatzeko estaldura berezia jarriko da hormetan, isolatzeaz gain, aretoaren akustika zaintzeko; bestetik, zoruan moketa jarriko da erreberberazioak sahiesteko eta azkenik, eserlekuak aldatuko dira”. Erosotasunaren aldeko apustua egingo du Udalak eta eserleku finkoak jarriko ditu, arean zabalagoak, bizkarraldean altuagoak, eta banakako instalazioa dutenak. 

Behar berezietara egokitutako aretoa

Antzoki inklusiboagoa izango da Torrezabal lanak bukatu ondoren. Gaur egungo irisgarritasun araudira egokituz, gurpildun aulkientzat leku gehiago gordeko dira, bai beheko espazioan eta bai goikoan. 

Gainera, aulki batzuk zabalera berezikoak izango dira eta beste batzuk zurrunagoak, makuluak behar dituzten pertsonentzat. Eskenatokira gurpildun aulkiak igotzeko plataforma instalatuko da eta entzumen murriztua dutenentzat soinu sinplifikatuko sistema jarriko da. 

Antzokiko lanek ez dute kultur programazioa etengo eta espazio berrietan eskainiko dira toki horietara egokitutako emanaldi bereziak. Zinema Urreta auzora mugituko da asteburuetan, Maximo Moreno Musika Eskolako aretora, eta arte eszenikoen programazioa Torrezabal kultur etxeko erakusketa gelan eskainiko da apirilera arte. 

Eskenatokiaren muga gainditzen duen programazioa prestatu dugu. Ikusleek sorpresak izango dituzte erakusketa gelara hurbiltzen diren bakoitzean: Monologoak entzungo dituzte hurbiletik, Mexikoko kafe baten egongo dira, eta ezkontza bateko gonbidatuak izango dira”, adierazi du Katrin Schlegel Kultur teknikariak. Antzokiko obrak eragozpen gisa hartu beharrean, beste mota bateko ikuskizunak programatzeko aukera gisa hartu dira: “hurbiletik bizitzekoak, ia-ia ukitu ahal izango ditugunak”, gehitu du Espillak. 

Publiko desberdinei zuzendutako emanaldiak izango dira, eta aforoa txikiagoa denez, kasu batzuetan emanaldi berberaren bi pase egingo dira. Formato ez konbentzionaleko emanaldiak izan arren eskarmentu handiko antzezleak eta lan interesgarriak etorriko dira denboraldi berezi honetan: Lorcaren ‘Bodas de Sangre’ obran oinarritutako ‘Un segundo bajo la arena’, Jon Plazaola eta Felix Alboren monologoak, Miren Arrieta eta Telmo Iruretaren aldarria desgaitasuna duten pertsonen sexualitatearen alde, Alfonso Torregrosak interpretatuko duen Max Aub-en ‘La verdadera historia de la muerte de Francisco Franco’ eta jada ohikoa bihurtu den 0-3 urte bitartekoentzako ikuskizuna.