“Ikusmirak Gizarte Politiken Behatokiaren datuen arabera, 77.000 gizon eta 61.000 emakume baino gehiago bizi dira desgaitasun-egoeran EAEn. Euskal biztanleriaren % 6,3. Errealitate hori ezin dugu alde batera utzi, eta ez dugu alde batera utzi nahi”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu, Nerea Melgosak, Euskadin desgaitasuna duten pertsonentzako bizimodu independentearen eredurantz jardunaldiaren inaugurazioan.

Bertan Euskadin desgaitasun-egoeran dauden pertsonentzako bizimo independentearen ereduaren oinarriak ezartzeko egindako Diagnostikoa dokumentua aurkeztu du Melgosak. Dokumentu hori Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeetako, foru-aldundietako eta Nafarroako Gobernuko beste sail batzuetako ordezkariek egin dute, 2021etik 2022ra bitartean.

Sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela “pertsona horientzako bizimodu independentearen ereduaren oinarriak finkatzen jarraitzea, azpiegiturak, garraio- sistemak, zerbitzu publikoak eta pribatuak eta jarrera sozialak birformulatuz, inklusiboak izan daitezen”.

Gaur aurkeztutako diagnostikoak, besteak beste, desgaitasun-egoeran dauden pertsonen lan-egoera islatzen du, langabezia-tasa % 16,5ekoa baita, biztanleria orokorrarena baino askoz handiagoa. Desgaitasun-egoeran dauden pertsonek aurre egin behar dieten desberdintasunen aurka borrokatzeko, Melgosak gogorarazi du “bizimodu independentearen euskal ereduak desgaitasuna duten pertsonak jartzen dituela erdigunean, haien eskubideak eta gaitasunak aitortuz, autodeterminazioa eta ahalduntzea sustatuz eta haien enplegagarritasuna indartuz”.