Síguenos en redes sociales:

Iraupen luzeko zainketetan arreta pertsonalizatuko jardunbide egokiak aitortzeko epea ireki du Bizkaiak

Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 15ean amaituko da

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak Bizkaiko iraupen luzeko zainketen eremuan zerbitzuak ematen dituzten erakunde publiko edo pribatu guztiei zuzendutako aitorpenak jasotzeko epea ireki du, etxean, eguneko zentroetan edo egoitza-zentroetan.

Deialdiaren helburua da arreta pertsonalizatuaren kalitate-irizpideak aintzat hartzea, zabaltzea eta partekatzea iraupen luzeko zainketen arloan giltzarri diren eragileekin. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 15ean amaituko da.

Adinekoen, familien, profesionalen, adituen eta zerbitzu-hornitzaileen ordezkariek osatutako ebaluazio-batzordeak aurkeztutako ekimenetan arretaren kalitatearen alderdi kritikoak baloratuko ditu.

Sari horien helburua da jardunbide egoki horiek sustatzen, zabaltzen eta trukatzen laguntzea Bizkaian eremu horretan zerbitzuak ematen dituzten erakundeen artean.

Sailak balioetsi duenez, iraupen luzeko zainketen trantsizio-testuinguruan, duintasuna aitortzea, eskubideen ikuspegia eta pertsonalizazioaren beharra ardatz nagusi dituen testuinguruan, deialdi berri honekin sustatu eta aitortu nahi dira, zorionez, gero eta erakunde eta profesional gehiago egiten ari diren zaintza-praktika eta -moduak.

Gizarte Ekintzako foru diputatu Amaia Antxustegik nabarmendu du sari horiekin aitortu nahi dutela laguntza behar duten adinekoak eta desgaitasuna duten pertsonak hobeto nola zaindu pentsatzen ari diren profesionalen eta erakundeen lan ona. "Beraz, pertsonak zaintzen dituzten pertsonen ahaleginak aitortu nahi ditugu", zehaztu du.

Parte hartu nahi duten erakundeek iraupen luzeko zaintzetan arreta pertsonalizatzeko jardunbide egoki bat edo batzuk egiaztatu beharko dituzte, erakundeak berak bere zerbitzuen eraldaketan, arreta- eta kudeaketa-ereduan aurrera egitea ahalbidetu diotenak.

Hobekien baloratutako hautagaiak Bizkaian iraupen luzeko zainketetan arreta pertsonalizatuko jardunbide egokien aintzatespenak zabaltzeko abenduan egingo den jardunaldi publiko batean jakinaraziko dira.

Lehenengo edizioan, 2022an, Gorabide, Argia Fundazioa (bi aldiz saritutako praktikekin) eta Amorebieta-Etxanoko Nafarroa eguneko zentroa izan ziren sarituak. Epaimahaiak aipamen bereziak egin zizkien Igurco Servicios Sanitarios, Aspace, Miranda Fundazioa, Loiu Gurena egoitza eta Gazteluondo egoitzari. Erakunde horiek 47 hautagairen artean bereizi ziren.