Bilboko Udalak hiriko udal-parkeak hobetzeko planarekin jarraitzen du. Kasu honetan, Irala auzoko Eskurtze parkea hobetuko da. Bertan, eszenatokiari estalkia jartzeaz gain, skate parkea berritu eta handitu egingo da. Horrela, Udalak parkearen bi eremu horiek erabilgarriago egin nahi ditu, eta, gainera, haien itxura eta funtzionaltasuna eguneratu nahi ditu, herritarren zerbitzura.
Aste honetan hasiko ditu Eskurtze parkeko skate parkea birmoldatzeko eta handitzeko obra hauek. Proiektu horretan, gainera, agertokiari estalkia jartzea eta anfiteatroaren eremua berritzea aurreikusten da. Hori guztia Irala auzoko aisialdi-eremu horretan dago. Zehazki, 816.051,80 euroko inbertsioa egingo da (BEZa kanpo), eta obrak hamar hilabeteko epean gauzatuko dira.
Skate parkea eraberritzean, besteak beste, lan hauek egingo dira: higatutako guneak konpondu; uve (edo minihalfpipe) formako arrapala babesteko barandak finkatu, konpondu eta pintatu; zabalguneko lurzorua leundu patinajera egokitzeko; pintura berria aplikatu; egungo hesia handitu eta hustubideak aldatu eta beste leku batean kokatzea.
Gainera, elementu berriak jartzea aurreikusten da, hala nola % 23ko malda duen plano inklinatua, hiru metroko zementu-barrak (slappys) skate parkeko sarreretako batean, hiru metroko luzera duen banku bat, patinatzeko nahiz atseden hartzeko balio dezakeena, 3,5 metroko luzerako kaxa bat alboetan altzairuzko errailak dituena akrobaziak egiteko... Eszenatokian eta harmailetan egingo diren jarduketen artean, nabarmentzekoak dira estalki bat eraikitzea eta agertokia, harmailak eta inguruko bideen zati bat konpontzea.
Eszenatoki osoa estaliko da. Estalki berri hori zur ijeztuzko egitura batez osatuta egongo da, ETFEz estalia: ehun garden zuria da hori, % 30eko opakutasuna duena, zurezko egituraren gainean ainguratua eta tenkatua. Estalkiak 21,57 metroko arku nagusia izango du, eta 8 metroko gehieneko altuera librea.
Aldi berean, hainbat eraberritze-lan egingo dira eszenatokiko jardueren eremuan eta harmailetan. Horien artean nabarmentzekoak dira harmailak harea-zurrustarekin garbitzea, harmaila inguratzen duen bideko hormigoi inprimatua fresatzea, harmailetako eta agertokira joateko mailak eraistea eta horien ordez berriak egitea...