%3 igo da Udako Irteera–Itzulera Operazio Berezian Euskadi zeharkatzen duen nazioarteko trafikoa. Horrela azaldu du Estíbaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak. Aipatu duenez, gainera, trafiko-istripuak %2 gutxiago izan diren arren, 10 pertsona hil dira errepideetan uztailean eta abuztuan (2022an baino bat gutxiago).
Nazioarteko trafikoko igoerari dagokionez, batez ere Gipuzkoan nabaritu da, eta, bereziki, Biriatuko ordainlekuan eta itzuleran, abuztuko azkeneko bi asteburuetan eta iraileko lehenengoan. Izan ere, “mugako probintzietarako joan-etorriek ere gora egin dute 2022ko udarekin alderatuta: Kantabriarako noranzkoan %2,25 egin dute gora, Burgos-Madrilerako noranzkoan %2,75 eta Nafarroarako noranzkoan %1,80”.
Eusko Jaurlaritzak Armiñongo lotunean eta AP-1/N-622 errepideko lotunean, Gasteizerako noranzkoan, eta N-622/A-1 lotunean, Burgos-Madrilerako noranzkoan, abian jarritako operazio bereziei esker, trafikoa arina izan da joan-etorri asko izan diren aldi horretan. Hain zuzen ere, A-8ko zirkulazioa, Kantabriarako noranzkoan, istripuren bat gertatuz gero zertxobait arindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak hitzartutako garabi bat jarri du Barakaldo eta Kantabriarako muga bitarteko A-8ko zatian jaiegunetan eta ibilgailu gehien pilatzen diren asteburuetan, bai eta Frantziako Tourraren egunetan ere. Guztira 20 erreskate egin ditu (16 matxuragatik eta 4 istripuagatik), eta iazko udan 12 erreskate egin zituen.
Olabarrik azaldu duenez, eta estimazioen arabera, aurtengo udan, “nazioarteko joan-etorrietan, Euskadi joaneko 1.960.000 ibilgailuk zeharkatu dute eta etorriko beste hainbestek (hasieran aurreikusitakoak baino 10.000 gehiago)”. Oraindik iraileko datuak falta badira ere, trafikoari dagokionez, ekaina bezalakoa izan ohi da hile hau. Horrela, kalkulatzen da aurtengo udan (ekainetik irailera bitartean), ibilbide luzeko joan-etorriak 3.920.000 izango liratekeela, hau da, “Euskadi joaneko 1.960.000 ibilgailuk zeharkatuko zutela eta etorriko beste hainbestek. Hasierako aurreikuspenak zertxobait gainditzen dituzten kopuruak dira”.