BILBO. Ertzaintzak 34 urteko gizonezko bat bi aldiz atxilotu du egun berean bi telebista lapurtzen saiatzeagatik. Lehenengoa, Sestaon, eta bigarrena, aldiz, Basaurin. Ertzaintzak 13 aldiz atxilotu egin du gizonezko hau guztira. Polizia.eginbideak amaitutakoan, aske geratu zen.

Ostegunean arratsaldeko ordu bat eta erdiak inguru polizia hurbil zedin eskatu zuten Sestaoko merkataritzagune batetik, segurtasun-langileek pertsona bat atxikita baitzuten. Itxuraz, atxikitako pertsonak 729 euroko balioa duen telebista bat zeraman orga batean, ordainketa-kutxak gainditu eta telebista ordaindu gabe aparkalekurantz zihoanean. Ertzainek bidezko egiaztapenak egin ostean, susmagarria atxilotu zuten. Bi ordu geroago aske geratu zen, bidezko polizia-eginbideak amaitu ondoren.

Pertsona berak antzeko delitu bat egin zuen arratsaldeko zazpiak inguru Basauriko saltoki handi batean. Oraingoan ere segurtasun-langileek atxiki zuten, saltokitik 459 euroko balioa duen telebista batekin irten nahi zuenean. Berriro atxilotu zuten.

33 MARIHUANA LANDARE ATZEMAN DITUZTE SOPELAN

Bestalde, Sopelako Udaltzaingoko agenteak Sopelan bizi diren hiru gizonezko eta emakume bat ikertzen ari dira, Loiola Ander Deuna kaleko etxebizitza batean marihuana landareak legez kanpo landatzeagatik eta, era berean, Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen arau-hauste administratibo batengatik. Lege horrek, 36.18 artikuluan, arau-hauste larritzat jotzen du droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak legez kanpo landatzea, jendeak ikusteko moduko lekuetan.

Operazioa asteazkenean, goizeko 10:00ak inguruan egin zen, agenteak inguru horretan herritarren segurtasunerako ohiko eginkizunak burutzen ari zirenean. Metrotik oso gertu dagoen apartamentu-bloke batean ikusi zuten landaketa hori, urbanizazioaren lorategiko lursail komunitario batean. Guztira 33 marihuana landare atzeman zituzten, 1 eta 2 metro bitarteko altuerakoak, hazkunde-fase desberdinetakoak, kukulu gabe. Loreontzietan zeuden, beste batzuk baratze txiki batean eta beste batzuk sasien artean ezkutatuta.

Udaltzaingoak kasua Getxoko guardiako epaitegiaren esku utzi du. Egun, pertsona horiek, antzeko arrazoiengatik, beste diligentzia batzuk ere irekita dituzte, instrukzio fasean aurkitzen direnak.