Ostiral honetan goizean, uztailaren 28an, hasi egin dira Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen alboko orubean eraikiko den Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria eraikitzeko lanak. Lehen harria jartzeko egindako ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak, Eva Ferreira errektoreak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Joseba Pineda fakultateko dekanoak.

Ekitaldian hitza harturik, Iñigo Urkullu lehendakariak hizpide izan du azpiegitura berri horrek Euskadin osasunaren eta ikerketaren alorretarako dakarren “aurrerapauso erabakigarria”, baita proiektuak oinarrian duen erakundeen arteko lankidetza sendoa ere. "Bilboko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak osasun publikoaren eta kalitate goreneko euskal unibertsitate publikoaren aldeko apustu garbian jarraitzen dugu. Abangoardiako ikerketaren aldeko apustuan ere bai, eraikin berri honetan leku nabarmena izango baitu ikerketak. Argi daukagu: herri honek onena nahi du, eta aurkezten ari garena bezalako inbertsioekin erakusten du. Gaur beste harri bat jarriko dugu elkarrekin eraiki nahi dugun bide honetan, herritarrentzat zerbitzu publikorik onenak aurkitu nahi ditugun bidean”. Lehendakariak "Osasun Zientzietako unibertsitate-prestakuntzarako eta ikerketarako abangoardiako azpiegitura" gisa definitu du eraikin berria eta, nabarmendu duenez, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eskaintza akademikoa eta plazen eskaintza handituko ditu.

“Gaur, poza eta esker ona adierazi beharra dugu -esan du Eva Ferreira errektoreak bere hitzaldian-: poza, azpiegitura berri honekin gure Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen irakaskuntza eta ikerketa jarduera indartzen dugulako, eta esker ona, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dugulako, Hezkuntza Sailaren bitartez, bai arlo akademikoan, bai finantziazioaren arloan, eta Bilboko Udalaren laguntza ere izan dugulako.” Errektoreak nabarmendu du, halaber, unibertsitateko hainbat atalek ere ahalegin handia egin dutela proiektua bultzatzeko: “Obra handiak beti talde lanaren fruitu izaten dira. Helburu partekatuetatik sortzen dira, baita ahalegin eta lan partekatutik ere. Proiektu hau gure aurretik egon diren errektoretza taldeen ahaleginaren emaitza da, baita fakultateko bertako dekanotza taldearena ere. Bestalde, garrantzitsua da azpimarratzea azpiegitura berri honekin osasunaren eta teknologiaren arteko sinergiak indartzen ditugula, eta ikusgarritasun handiagoa ematen diogula gure unibertsitate publikoak Bilbon duen goi-mailako prestakuntzaren lidergoari.”

Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen esanetan, ekitaldi sinboliko honekin, UPV/EHUk, “munduan dauden 25.000 unibertsitate baino gehiagoren arteko 400 unibertsitaterik onenetakoa izanik, XXI. mendearen hasierako mugarri nagusietakotzat idatziko du gaurko eguna. Berriro ere, erakundeen arteko lankidetzari esker, errealitate bihurtu ahal izan da maila goreneko eta nazioarteko erreferentziazko jarduera akademiko eta ikerketaren eremua izango den proiektu hau. ‘Bilbo, unibertsitate hiria’ proiektua sendotzeko beste urrats bat”. Era berean, alkateak gogoratu du, duela 87 urte, “Agirre Lehendakariaren lehen Jaurlaritzak Medikuntza Fakultatea sortu zuela gure ondoan dugun Basurtuko Ospitale honetan, Euskal Unibertsitatea abian jartzeko asmoz. Gerrak bertan behera utzi zuen betiko, garairik latzenetan elkartasunaren, gizatasunaren eta etorkizunarekiko esperantzaren eredu bihurtu zen Agirre Lehendakariaren ametsa, baina gaurko ekitaldiarekin, zirkulua itxi eta hiri-garapena zein giza-garapena aldarrikatzen ditugu txapon beraren aurki eta ifrentzutzat”.

Bestalde, Joseba Pineda fakultateko dekanoak adierazi duenez, "mugarri honek Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean izan diren dekano taldeek luzaroan sentitu duten premia konpontzen du: Bilbora eta haren ingurune klinikora hurbiltzea gure ikastegia, eta harekin batera gure irakaskuntza eta ikerketa. Oso pozik gaude, baita gogotsu ere, azkenean eskari horri erantzun egin zaiolako. Eskari hori, gainera, fakultate osoarena ez ezik, osasun arloarena ere bazen eta, esatera ausartuko naiz, euskal gizarte osoarena. Zalantzarik gabe, azpiegitura berri honek osasunaren arloko profesional hobeak prestatzeko eta ikerketa hobea egiteko aukera emango digu”.

Ferrovial Construcción S.A.k eta Eraikuntza Birgaikuntza Artapen S.L.k (EBA) eratutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) eraikiko du eraikina, elkarte hori izan baitzen 2023ko abenduan ebatzitako lehiaketaren esleipenduna. Eraikuntza lana Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatu eta finantzatu du, eta guztira 62.174.103,33 euro bideratuko dira joan den abenduan esleitutako lanerako. Euskal unibertsitate publikoaren aurreikuspenen arabera, lanek 36 bat hilabete iraungo dute eta azpiegitura erabilgarri egongo da 2026-2027 ikasturtean.

Eraikin berriaren ezaugarriak

Eraikina lau orraziz osatuta egongo da, espazio erabilgarria optimizatzeko. 5.300 metro karratu inguruko lurzati triangeluarrean eraikiko da, Montevideo etorbidearen eta Gurtubay kalearen artekoan, eta 32.000 metro karratuko azalera erabilgarria izango du (bost solairu eta sotoa). Gune akademikoan egongo dira 75 ikasgela, bi ospitale birtual, ikerketarako eremuak eta 10.000 metro karratuko espazioa hainbat arlotako laborategietarako –anatomia, disekzioa, mikrobiologia, kirurgia, genetika...– eta beste ekipamendu batzuetarako. Hegalik handiena, hegoaldekoa, ikerketarako eta irakaskuntzako laborategietarako erabiliko da.

Fakultatearen eraikin berrian bilduko dira Medikuntzako, Fisioterapiako eta Erizaintzako graduak, baita Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak eskaintzen dituen Osasun Zientzien arloko zazpi master ofizial ere: Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea, Farmakologia, Ingeniaritza Biomedikoa, Ikerketa Biomedikoa, Mikrobiologia eta Osasuna, Neurozientziak, eta Osasun Publikoa. Eraikin berrian egongo da, bestalde, Osasun Zientzien arloko Unibertsitate Prestakuntzarako, Elkarlaneko Ikerketarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Polo Aurreratua. Azpiegitura berriak aukera emango die ikasleei pazientearen errealitatera hurbiltzeko, baita graduko irakaspenen arteko koordinazioa hobetzeko, ikaskuntza bultzatzera bideratutako agertokiak sortzeko eta hurbil dauden zentroekin sinergia berriak sortzeko aukera ere, hala nola Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin, non Ingeniaritza Biomedikoko gradua eskainiko baita 20023-2024 ikasturtean.

Ikerketari dagokionez, Ingeniaritza Biomedikoarekin, Familiako Medikuntzarekin eta Medikuntza Pertsonalizatuarekin lotutako proiektu berriak bultzatuko ditu, eta Erizaintza eta Fisioterapia arloak indartuko ditu, arlo horietarako ildo espezifikoak dituzten doktorego programen bitartez.

Hirugarren eremuan, I+G+B arloko lehiakortasuna eta emaitzen transferentzia areagotuko ditu, hala oinarrizko ikerketa taldeei dagokienez, nola jardun asistentzialagoari lotuago daudenei dagokienez. Lankidetzarako ingurune horrek ikerketa aplikatuko proiektuak bultzatzeko aukera emango die Ingeniaritza Biomedikoaren sektoreko enpresei, eta patente eta start-up enpresen bitartez sortutako ezagutzaren transferentzia dinamizatzen lagunduko du.

Fakultatea, Estatuan erreferente

Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak Medikuntza, Erizaintza, Odontologia eta Fisioterapiako ikasketak eskaintzen ditu eta estatuan erreferentea da Osasun Zientzien arloan. Fakultatean ematen den irakaskuntza bikainaren erakusle dugu laugarrena dela BAME 2023 azterketetan notarik onena lortu duten 40 unibertsitateen rankingean (Osasun Ministerioak emandako datuak).

Bestalde, nabarmentzekoa da Erizaintzako ikasleek 2022/2023ko EBE (Erizain edo Barneko Egoiliar) azterketan izan dituzten emaitzei esker gure unibertsitatea hirugarren postuan dagoela, azterketara aurkeztutako ikasleen % 98k gainditu baitu gutxieneko nota. Horrez gain, Osasun Zientzien arloko beste titulazio batzuek ere enplegagarritasun tasa handia dute, eta garapen profesionalari dagokionez, UPV/EHU hirugarrena da estatuko unibertsitaterik lehiakorrenen artean.