Guztira 1.307 ikaslek egingo dute datorren asteazkenetik ostiralera bitartean Euskal Herriko Unibertsitatean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) bere ezohiko deialdian, aurreko urtean baino 42 ikasle gehiagok. Horietatik 1.225 Euskal Autonomia Erkidegoko batxilergokoak dira, eta beste 82 Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklokoak. Aurten, beraz, % 3 igo da matrikula. USE hiru egunetan zehar egingo da, ostiralera arte, hilak 7, UPV/EHUren hiru campusetan.
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak helburu hau du: ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (bihar USE ezohikoa irekiko duen azterketa); Espainiako historia; lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.
Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.
Onarpen fasea borondatezkoa da Ikasleak edozein irakasgai aukeratu ahal du Batxilergoko bigarren mailako enborreko aukerazko irakasgaien artean, gehienez, lau. Nota igotzeko ere balio ahal dute sarbide fasean egindako irakasgaietako batzuek.