Mugarik Gabeko Medikuak (MGM) erakundeak antolatutako krisi klimatikoari eta osasunari buruzko Hackatoiaren lehenengo edizioan garaile izan da Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle talde batek.
Estatuko hainbat unibertsitatetako 18 eta 30 urte bitarteko ikasleek hartu dute parte lehiaketa horretan, eta online bidezko zein aurrez aurreko marketin kanpaina bat diseinatzea zen haien zeregina. Krisi klimatikoak gaixotasunen hedapenean duen eragina zen parte hartzaileek jorratu beharreko gaia. Krisi horren ondorioek gizakien osasunean eragiten dute, eta horri buruz kontzientziatu nahi da gizartea, arreta krisi humanitarioetan jarrita. Ekitaldi hori gauzatzeko, UPV/EHUko Jasangarritasuneko eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritza elkarlanean aritu da beste unibertsitate batzuekin.
UPV/EHUko lau ikaslek eta Mondragon Unibertsitateko ikasle batek osatu dute talde garailea:
- Ying Leire Torres, Business & Economics gradu bikoitzeko hirugarren mailako ikaslea Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.
- Beñat Urteaga, Business & Economics gradu bikoitzeko bigarren mailako ikaslea Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.
- Patricia de Arriba, Ekonomiako graduko bigarren mailako ikaslea Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.
- Marina Lopez, Farmaziako graduduna.
- Celina Gumiel, Lidergo Ekintzaileko eta Berrikuntzako graduko lehenengo mailako nazioarteko ikaslea Mondragon Unibertsitatean.
Ying Leire Torresek eta bere taldeak eslogan bat erabili zuten proiektuak arreta erakartzeko: Un planeta sano por una salud sin fronteras (planeta osasuntsu bat, mugarik gabeko osasun baten alde). Torresek azaldu duenez: “Kanpainak oinarri ezberdinak ditu: Instagrameko argitalpenak, Twiterren albisteak egunero #planetasalud traola erabilita, klima alorreko eragileekin Efecto Dominó izeneko podcasta sortzea eta kaleko elkarrizketen klipak TikToken”. Kanpaina MGMren sare sozialetan egingo dute.
Horrez gain, 500 €-ko saria jasoko dute eta urrian Granadan egingo den ekitaldi publiko batean parte hartuko dute. Torresek dioenez: “Domino erraldoi bat egingo dugu, eta fitxek klimak gaixotasunen hedapenean duen eraginari buruzko datuak izango dituzte. Kontuan izan dugu desgaitasunena duten pertsonentzako irakurketa. Jarduera hori ekintzarako dei bat izango da, fitxak jaustean gertatuko den domino efektua geldiarazteko ekintzarako deia. Azkenekoan geratuko da; izan ere, jendea indarra egiten egongo da azken pieza eror ez dadin. Taldeko lanaren garrantzia sinbolizatuko du horrek”.
Hackathoia MGMren Humanidad Inconformista proiektuaren barnean kokatzen da, eta inspirazioa, eztabaida eta iritziak partekatzea bultzatzen ditu, elkarrizketarako, loturak egiteko eta aktibismorako espazio bat sortuta, “Espainiako gizarte zibileko belaunaldirik gazteenen interes eta kezkak erakundeak burutu nahi dituen ekintza humanitarioekin lerrokatzeko”.