Azaroaren 11tik 27ra bitartean, Txakoli Bizi ekimenaren bigarren edizioa jarriko dute martxan. Parte hartzekotan, derrigorrezkoa da webgunean (www.aiaraldea.org) izena ematea. Jarduerak Aiarako Kuadrillak antolatzen ditu, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzei esker.

“Aurreko edizioan lortutako arrakasta ikusita, beste behin, ekimen hau, Txakoli Bizi, sustatu nahi izan dugu. Azaroaren 11tik 27ra antolatutako esperientzia enogastronomikoen bidez, Aiaraldea eta bertako produktuak ezagutzera eman nahi ditugu”, azpimarratu du Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidenteak.

Programazioa

Azaroaren 11n Txakoli Biziren aurkezpena egingo da (gonbidapenak banatuko dira) Soloitza Gaztandegian (Arespalditza). 

Aiarako Kuadrillak herritar guztiak animatzen ditu jarduera hauetan parte hartzera, horretarako aurretiko izen ematea beharrezkoa da. Hiru showcooking programatu dira. Lehenengoa, azaroaren 13an egingo da, Artziniegako frontoian.  Jorge Romero (depoteenpote) chef bikainak bere sukaldari dohainak erakutsiko ditu.

Bigarren showcooking-a azaroaren 19an ospatuko da Laudioko Aldai plazan. Gorka Barredo sukaldari eta komunikatzaile gastronomikoarekin gastronomiaz ikasteko aukera izango dugu dastaketaz gozatzen dugun bitartean. 

Azkeneko showcooking-a azaroaren 27an egingo da Artomaña Upeltegian Jorge Romeroren eskutik. Zuzeneko ilustrazioa ere izango du ekimen honek eta errezetak eta interakzioak irudikatuko dira.

Bestalde, hainbat dastaketa antolatu dira. Horietako bat azaroaren 12an Txakoli Txikubin (Murgako Dorretxea, Murga) bisitatzean, zeinetan bertaratuek aukera izango duten Mikel Garaizabalek komentatutako dastaketa batean parte hartzeko. Bigarren dastaketa, Bat Gara upeltegiak egingo du azaroaren 25eanBideko Jatetxean. Txakolina eta eskualdeko produktuak dastatzeko aukera egongo da Twin Roomenzuzeneko emanaldiarekin batera.

Barre egiteko aukera ere izango da Txakoli Biziren ospakizunean Gurutze Beitiaren “Yo y mis circunstancias” bakarrizketari esker,azaroaren 12an, Abiaga jatetxean. Gozatu bakarrizketaz eskualdeko konbinatu, likore edota destilatu bat dastatzen duzun bitartean.

Txakoli Biziren bigarren edizio honetako nobedadeetako bat Artziniega Museoan azaroaren 18rako, ostirala, antolatuta dagoen Paint&Wine jarduera da. Izena eman dutenek pintura klase batean parte har dezakete; koadro bat margotzen ikasiko dute Arabako txakolin bat dastatu bitartean.

Halaber, azaroaren 20an Santxotena Museo Tailerra bisitatzeko aukera egongo da. Eskualdeko bermut bikain bat dastatuz munduko jaiotzen erakusketaz gozatzeko aukera ezin hobea, beti ere, Ricardo Samanoren musika lagun.

Arabako txakolinarekin uztartutako menuen zozketa

Era berean, sustapen ekimenaren baitan, sare sozialetan Arabako txakolinaz uztartutako hiru menu zozkatuko ditugu Txakolinaren Ibilbideko hiru jatetxetan.