Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kanarietako herritarrek osasun-zerbitzu publikoetan izan ditzaketen hobekuntzei buruz egindako azken azterlanaren ondorioen berri eman du EHUk. Hain zuzen ere, emaitzek agerian utzi dutenez, "Pertsonek osasun-zerbitzu publikoen aldean dituzten lehentasunak desberdinak dira eskualdeen artean". Era berean, eskualdeetako gobernuei "erabakiak eta kudeaketa deszentralizatzea" gomendatzen diete.

Edozein osasun-sistematan, pazienteen lehentasunak ezagutzea funtsezkoa da arreta-zerbitzu batean edo bestean politikak egiteko eta inbertsio-erabakiak hartzeko. Hau da, osasun-zerbitzuak egituratzeko herritarren lehentasunen araberako erabakiak hartzea, biztanleen ongizatea areagotzeko. Lehentasun horiek jakiteko modu bat da herritarrek osasun-zerbitzu publikoak nola baloratzen dituzten dirutan kuantifikatzea; alegia, zenbat ordaintzeko prest daude osasun publikoan eskaintzen diren osasun-zerbitzuak hobetzeko?

UPV/EHUko Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa sailean egindako lan honen helburua da “euskal herritarrek eta kanariarrek osasun-zerbitzu publikoetan egin ditzaketen hobekuntzei buruz dituzten lehentasunak identifikatzea; hau da, herritarrek osasun-zerbitzu publikoa hobetzeagatik ordaindu beharreko prestasuna identifikatzea”, adierazi dute Waleska Sigüenza eta Alaitz Artabe sail honetako ikertzaileek eta lanaren egileek.

Hori identifikatzeko, aukerako esperimentuen metodoa erabili da. Metodo horretan, “elkarrizketatuari hobekuntza horien konbinazio desberdinak dituzten osasun-zerbitzuak hobetzeko aukeren multzo batzuk aurkezten zaizkio, eta multzo bakoitzeko aukera gogokoena aukeratzeko eskatzen zaio”, azaldu dute lanaren egileek. “Lan honetan honako hobekuntza hauek aztertu dira: espezialisten itxaron-zerrendak, ebakuntza kirurgikoen itxaron-zerrendak, ospitaleko erosotasuna, osasun publikoaren arreta eta hortz-estaldura”, gehitu dute egileek.

Alde batetik, emaitzek adierazten dute lehentasunak desberdinak direla eskualdeen artean, eta, beraz, eraginkortasun-arrazoiengatik, komenigarria litzateke erabakiak eta osasun publikoko politiken kudeaketa deszentralizatzea eskualdeetako gobernuentzat; horrela, eskualde bakoitzaren lehentasunei egokitzen zaizkien erabaki bereiziak hartu ahal izango dira.

Bestalde, desberdintasunak daude eskualde bereko herritarren lehentasunen artean. Adibidez, “ikusi genuen Euskal Autonomia Erkidegoan errenta handia eta txikia duten pertsonek ez dituztela berdin baloratzen osasun-zerbitzuak. Euskal Autonomia Erkidegoan pertsona baten errenta zenbat eta handiagoa izan, orduan eta txikiagoa da osasun publikoan aztertutako zenbait alderditan hobekuntzak egiteagatik ordaintzeko prestutasuna. Emaitza horrek zerikusia izan dezake diru-sarrera handiak dituzten euskal herritarrek osasun-zerbitzu pribatuekiko dituzten lehentasunekin”, diote egileek. “ Kanarietan, berriz, ikusi genuen hezkuntza-mailak eragina duela: unibertsitate-ikasketak dituzten herritarrak prest daude osasun-zerbitzu publikoak hobetzeko gehiago ordaintzeko”, gehitu dute Waleska Sigüenza eta Alaitz Artabek.

Osasun-politikak deszentralizatutakoan, lan honen emaitzek tresna bat eskaintzen dute eskualde bakoitzeko gizabanakoek gehien baloratzen dituzten osasun-zerbitzuak identifikatzeko. Emaitza horiek, behar bezalako zuhurtziaz, osasun-lehentasunen ordena ez ezik, lehentasun horien diru-balorazioa ere erakusten dute. Informazio hori baliagarria izan liteke osasun-politikak diseinatzeko arduradunentzat, eskualdeko ongizate orokorra maximizatzeko baliabide ekonomikoak esleitzeko orduan.