2018ko lehen edizioaren arrakastaren ondoren, eta COVID-19 pandemiagatik 2020an ekitaldia bertan behera uztearen ondoren, 2022an Pasaia Itsas Festibala berriz ospatuko da. Hitzordua maiatzaren 26tik 29ra bitarte izango da, eta honela adierazita dago Izaro Mariezkurrena artista pasaitarrak Festibalarentzako egindako kartelean. Lau egun horietan zehar badiako urak kontinenteko leku ezberdinetatik etorritako itsasontzi tradizionalen topagune izango dira berriro.

Aurkezpena Pasaiako Udaletxean egin da, eta bertan honako ordezkari hauek parte hartu dute hurrenez hurren ondorengo esaldiak azpimarratuz:

Izaskun Gómez-ek, Pasaiako Alkatea eta Pasaia Itsas Festibalaren presidentea, zera azpimarratu du, "Pasaia itsas kultur ekitaldien nazioarteko mapan kokatzeko behar dugu Itsas Festibala, aberastasuna eta enplegua sortzen duten jarduera berriak bultzatzeko duen ahalmen guztia aprobetxatuz".

  • Xabier Agote-k, Pasaiako Itsas Festibaleko zuzendari eta Albaolako presidentea dena ondorengo esaldiarekin deskribatu du Festibala: "gure sustraietatik munduko itsas kulturak besarkatzen dituen festibala da Pasaiakoa".
  • Joakin Telleria-k, Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea, ondorengoa nabarmendu zuen "Pasaiako badiaren etorkizuna eratzeko Pasaiaren iragana berreskuratzen ari gara".
  • María José Tellería-k, Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria, ondorengoa "Proiektu honek Gipuzkoarentzat duen garrantzia" azpimarratu nahi izan du "gure ondarea itsas tradiziorik unibertsalenarekin lotzen duten loturak erakusten baititu, eta gure balioak eta baliabideak balioesten baititu, bisitatzen gaituztenen aldetik, baina baita lurraldeko herritarren aldetik ere".
  • Javier Hurtado-k, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Kontseilaria, ekitaldia itxi du, zera adieraziz: "Proiektu hau aukera paregabea da Pasaiaren eta haren eskualdearen biziberritzeari bultzada emateko, eta, gainera, bat dator gure turismo jasangarri, dibertsifikatu eta kalitatezkoaren estrategiarekin".

Bigarren edizio honetan itsas-kultura gonbidatua PORTUGAL izango da, zehazki Moita herria izango da ohorezko gonbidatua. Bertako itsas-ordezkaritzaz gain, hainbat kulturatako itsasontzi tradizionalak ere etorriko dira, izan ere, fokua berriro itsasoan egongo baita. Oraingoz, tamaina handiko bi ontzi daude baieztatuta: Shtandart, 34,5 metroko luzera duen XVIII. mendeko errusiar fragata baten erreplika, eta Oosterschelde, hiru mastako goleta holandarra, 50 metroko luzera duena eta 1918an eraikia. Gaurtik aurrera zabalik dago itsasontzi tradizionalen izen-ematea webgunearen bitartez. Aurten, hainbat itsas jaialditan egingo den promozioaren bidez, ontzi tradizionalak erakartzeko lana egingo da, 2022ko edizioan parte hartuko duten ontzien kopurua handitzeko asmoz.

Lehorreko jardueren programazioari dagokionez, Pasaiako barruti ezberdinetan gauzatuko da: Pasai Donibane, Pasai San Pedro, Pasai Antxo eta Trintxerpe. Datozen hilabeteetan, festibaleko lantaldeak bilerak egingo ditu lurraldeko kultur eragileekin, bigarren edizio honetako programazioa sortzeko. Eta etorkizuneko sorpresak gabe, Elkanoren irudia festibalean presente egongo dela gaineratu behar da, zirkumnabigazioaren 500. urteurrena dela eta.

Edizio honetako berrikuntza guztiak www.pasaiaitsasfestibala.org webgunean argitaratuko dira.