Unibertsitate arloan ondoez psikosoziala prebenitzeko moduak aztertu dituzte Euskal Herriko Unibertsitatearen gradu amaierako hiru lanek. Bertan, ikasleek modu osagarri batean landu dituzte, ikuspegi biopsikosozial batetik, elikadura portaeraren nahasmenduak.

Campus Bizia Lab (CBL) programa Jasangarritasun Zuzendaritzak eta Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak sustatzen duten ekimen bat da. Zuzendaritza eta zerbitzu horiek Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzako partaide dira. Programa horren barruan, zenbait proiektu daude martxan; eta horietako bat 'EHU ongizate psikoSOZIALa', unibertsitate arloan ondoez psikosozial komunitarioari aurrea hartzeko. Proiektu horren asmoa da ondoez psikosozialeko egoerak eta ikasleen arreta psikosozialerako beharrak ezagutzea eta azaleratzea. Helburua da prebentzioan, detekzioan eta esku-hartze komunitarioan laguntzea, bai proposamenen bitartez, bai jardueren bitartez, eta, hala, unibertsitateko komunitatearen ongizate psikosoziala indartzea.

Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak sustatu du proiektua. Talde sustatzailea era horizontalean osatuta dago; alde batetik, irakasleak daude, Rakel Oion Encina, Edurne Aranguren Vigo, Cristina Blanco Valderrama eta Santiago Palacios Navarro, eta administraria, Ana Uribesalgo, eta, beste alde batetik, ikasleak, Karla Alvarez, Alba Campmany, Olivia Fernandez eta Laura Carrasco. Horretaz gainera, beste ikasle batzuek ondoez psikosozialarekin lotutako lan ildo horretan egin dute gradu amaierako lana. Guztira, gradu amaierako 11 lan izan dira.

Lan horietatik hiruk, ikasturte honetan, elikadura portaeraren nahasmendua landu dute. Ikuspegi biopsikosozial batetik landu ere, hiru erpineko xede batekin: ikertzea, prebenitzeko eta esku hartzeko. Hala, Rakel Oion Encina irakasleak koordinatuta, Karla Alvarez Alvarok ikerketa bat egin du, Alba Campmany Ramosek sentsibilizazio jardunaldi bat antolatu zuen eta Olivia Fernandez Garciak esku hartze proposamen bat diseinatu du Arreta Psikologikorako Zerbitzuak susta dezan. Edurne Arangurenek sentsibilizazio jardunaldia antolatzen lagundu du, eta Santiago Palacios Navarrok ikerketa datuen diseinua eta baliozkotasuna gainbegiratu du.

CBLren koordinatzaile eta gradu amaierako lanen zuzendariaren arabera, “CBL proiektuari esker, batetik, ziurtatu ahal izan dugu ikasleek aukeratzea beren lanak zein irakasle-tutorek zuzenduko dituzten ikuspegi integral batetik, non ikerketa, sentsibilizazio soziala eta esku hartze psikosoziala baloratuko diren eta, gainera, lanen zuzendarikidetza sustatuko den, diseinu metodologikoa indartuta. Bestalde, modua eman du talde lana balioesten duten ikasleek elkarrekin jarduteko eta ikerketa eta sentsibilizazio/esku-hartze lerroak martxan jartzeko ikuspegi integral eta holistiko batetik; emaitza, berriz, lan aplikatuak izan dira. Elikadura portaeraren nahasmendua landu duten gradu amaierako hiru lanetan ikusten da batera jardun direla ikasle-irakasleak, eta lanok epaimahai beraren aurrean defendatu dituzte, epaimahaikoak kontura zitezen emaitzek eta proposamenek nolako irismena duten".