Filmen artean bereziki bat gustoko nuela oroitzen dut, eta amak ziur aski ere bai, emango nion pelmadagatik. Asterix eta hamabi probak. Zerbait izango zuen film hark nire atentzioa deitzeko, baina egun hauetan bereziki irudi bat etorri zait burura. Eroetxean A38 inprimakia betetzea.

Proba honetan Asterix eta Obelixek inprimaki hori topatu behar dute eroetxe izeneko etxe batean, eta alde batetik bestera bidaltzen dituzte ia eromenera iritsi arte. Ezin izen egokiago bat bilatu burokraziak erotzen gaituenon iritzirako. Beste izen bat jartzekotan ogasuna, udala edo ziurtagiri digitala erabil genezake, baina esanahia berdina da niretzat. Hitzordua hartu, han aurkeztu, ustez erdi argi izan zer behar dudan, handik atera bi sinadura gutxiago eta paper batekin, eta beste zerbait behar nuela konturatu. Frustrazio sentipena. Kastor eta Poluxengatik, ergela ote naiz?

Erantzuna bilatzen duzuen bitartean, onartu beharra daukat tarteka lagundu didan norbaitekin topo egin izan dudala, eta borondatea jartzen dutenekin ere bai, baina baita kontrakoekin ere. Gehienontzat horrelako tokietara jotzea zerbait berria da, ez gaude ohituta bertako funtzionamendura, eta oso konplikatua egiten zaigu. Askotan bertara-tzen gara beste nonbaitetik bidali gaituztelako, eta aurreko hark esandakoa sinistuta, beste iturririk ezean, gure arazotxoa konpondu nahi dugulako. Ez dakigu A38 inprimakia zer den ez zertarako balio duen, baina esan digute beharrezkoa dugula, eta hortxe gaude, laguntza erregutzen ea bixita bakarra eginda aferarekin bukatzeko aukerarik ba ote dugun pentsatzen.

Agian proposatzera noana erokeria bat da, baina gauza hauek erraztuko lituzke. Akaso harta-tzen gaituen langile horrek, behin gure arazo edo eskaera ulertuta, amaitu arteko jarraipena egingo baligu, horretarako behar ditugun baliabide guztiak eskuratuz, errazagoa litzateke erabiltzaileontzat. Hasi eta bukatu. Lagundu gaituztenaren poz txiki hori eramango genuke eta beharbada baita eskatutako guztiaren zergatia ulertu ere. Beharbada burokraziari beldurra eta nazka kenduko genioke, eta funtzionarioen izen ona ez genukeen zikinduko aukera dugun bakoi-tzean.

Baina tira, zenbait buelta, e-mail, dei eta abarren ostean, oraingo honetan lortu dut A38 inprimakia, inprimatu dut, eta ez dakit betetzen. Erromatar hauek erotuta daude!