DONOSTIA. Guztiz elektrikoak diren 12 metroko Lion's City E modeloko autobusak probatuko ditu Dbus konpainiak datozen bi asteetan. MAN etxeak egindako ibilgailuek egunean 250 kilometro baino gehiago egiteko autonomia dute. Ekimen honekin, Estatu mailan ibilgailu hauek probatuko dituen lehenengo hiria izango da Donostia.

Probak 24-Altza-Gros-Antiguo-Intxaurrondo eta 33-Larratxo-Intxaurrondo-Antiguo-Berio lineetan egingo dira, erabiltzaileekin eta benetako baldintzetan. Ibilbide zorrotza duten auzoarteko bi linea dira, egunero batez beste 240-270 km egiten dituztenak. Ibilgailu honekin orain arte Donostian probatutako autobus elektrikoen autonomia gainditzea espero da.

Autobus berria gauez kargatzen da Kotxetegietan, 3 orduan, 12 metroko beste autobus elektriko batzuekin alderatuta denbora gutxiagoan, eta ez dauka kargatu beharrik ibilbidea egiten ari den bitartean. Bateriek 480 kWh-ko edukiera dute, eta 150 kW-ra arteko karga potentzia. Proiektu pilotu berri honekin, beraz, autobus elektrikoen teknologia honen egungo autonomia muga gainditu nahi da.

Elektromugikortasunari dagokionez, azken urteotan Dbusek apustu garrantzitsua egin du teknologia berrietako autobusekin eta hainbat fabrikatzailerekin proiektu pilotuak sartu eta abian jartzearen alde.

Gaur egun, Dbusek hurrengo autobusak ditu bere flotan: 12 metroko hiru autobus %100 elektriko eta 12 metroko 50 hibrido.

Gainera, % 100 elektrikoak diren 12 eta 18 metroko ibilgailuak probatu ditu, baita autobus hibrido-elektriko bat ere, eta honekin Euskadiko flotarik jasangarrienetako bat da.