Gaur, 11:00etan, Baionan, René Cassinen jaiotetxetik Frantziako Gobernuak duen ordez Lkaritzaraino egingo den giza katean parte hartuko du Curutcharryk. Hamarnaka elkartek salatuko dute Hezkunde Nazionalak ez duela onartu murgiltze ereduko ikasgela baten irekitzea hiriburuko eskola publiko batean.

Zein dira zure lehentasunak?

—Euskararen presentzia handitu behar dugu Ipar Euskal Herrian. Denetan sartu behar da. Elkargoak indar handia egin dezake hurbileko eskumenak bere gain hartu dituelako. Euskarari ikusgarritasuna eman nahi diogu eskumen horiek erabiliz idatziz, langile euskaldunak hartuz ahal delarik eta ez dakitenei beren burua euskalduntzea proposatuz. Euskarak ez du lege babesik baina erakunde guztiekin elkarlanean arituz egoera hobetu liteke. Beste egituretara joan beharko dugu maiz elebakarrean ari direlako. Guri da joatea banaka plangintzak sortzeko. Bada lan ainitz aktore franko baita, baina emeki emeki, eginen dugu. Beharrezkoa da.

Helduen euskalduntzea sustatzeko Elkargoak sekula egin ez den kanpaina publikoa egiten du egun hauetan. Murgiltze ereduaren aldeko kanpainarik aurreikusten al duzue?

—Egia da helduen euskalduntze kanpaina berria dela, lehen aldia baita erakunde publiko batek horrelakorik egiten duela Iparraldean. Sentsibilizazioa eta pedagogia sail guztietan egitea da gure erronka. Helduek euskalduntzeko izena eman dezaten nahi genuke Euskal Herria jatorrizko bertsioan uler dezaten. Hau da leloa. Sortu dugun webgunean euskara ikasteko egitura desberdinak aurki-tzen ahal dituzte. Heldu aktiboak bila-tzen ditugu. Izan ere, gaur egun, euskara dakiten gehienek 50 urte baino gehiago edo 20 urte baino gutxiago dute. Tarte horretan %16k baizik ez du menperatzen euskara eta beraz hutsune hori hobetu nahi genuke. Maiz, seme-alabak dauzkate eta ardura berezia dute hizkuntza baloratu eta transmititzeko. AEKk 15 zentro ditu eta beste euskaltegiak daude ere Baiona, Angelu eta Urruñan. Guzti horien berri ematen diegu gure plataforma berrian. Herriko etxeetako langileak euskalduntzen segituko dugu, elkargoan 40 bat ari dira lan horretan eta beste hainbeste Baionako herriko etxean. Kanpaina berri hori falta zen eta molde bereko kanpaina beste arloetara eraman liteke. Joan diren hiru urteetan aldarrikapenak eta ildoak aipatu ditugu, eta orain egiazko hizkuntza politika martxan ezartzen ari gara.

Herritarrak prest al dira?

—Ia %30 euskaraduna da eta gehiengo oso zabala euskara sustatzearen alde dago. Lehen hezkuntzan ia haurren erdiak euskara ikasten du. Ez da lehen bezala, euskara ez da gehiago arazo edo gatazkaren sinonimoa. Hautetsi gehienek ez dute arazorik, batasun aski handia dago. Euskarak batasuna ekartzen du, bada kontsen-tsua. Hiriburun murgiltze ereduan ari behar zuen ikasgelaren irekieraren debekuak erreakzio soka luzea ekarri du Les Républicains alderdi kontserbadoretik sozialistetaraino. Elkargoan aho batez onartu genuen atzerapauso honen salaketa.

Euskaraz gain, elkargoak gaskoiera sustatzen du ere...

—Okzitaniera sei mila lagun inguruk mintzo dute Baionaldean eta bereziki Baxe Nafarroako iparraldean, Bidaxunen adibidez. Iazko martxoan, elkargoak onartu zuen hizkuntza politikaren eskumena bere gain hartzea tokiko bi mintzairak bultzatzeko. Sinbolotik haratago joatea da gure xedea. Euskararentzat bezala partaidetzak egin ditzakegu zenbait udalekin. Nahi dutenei hobekuntza kontratuak proposatuko dizkiegu. Euskara garatuagoa da baina bidea zein izan behar den erakusten du. Komunikazio eta seinaletika hiru eleduna egiten lagun-tza emanen diegu. Euskarazko hamar teknikari dauzkagu eta beste bat gaskoiera sustatzeko. Hizkuntzez gain, kultura eragileei laguntza eman behar diegu ere. Osasun krisiak sortu duen krisi ekonomikoa dela eta, elkargoak 600.000 euroren dirutza banatuko du eragile horien artean.