GASTEIZ. Koronabirusari aurre egiteko, saltoki askok inbertsio handia egin behar izan dute babesteko materiala erosten: musukoak, pantailak, gel-hidroalkoholikoa, eta abar. Gastu horiek gutxitzeko helburuarekin, Gasteizko Udalak 200.000 euroko aurrekontua bideratuko du higiene-materiala eskuratzen laguntzeko. Ekonomia Sustapenerako Sailak abiarazitako dirulaguntza horiek eskatzeko epea zabalik dago jada urriaren 2ra arte.

Honelakoak erostearekin zerikusia duten gastuetarako emango da dirulaguntza, besteak beste: maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak. Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatzen dira, baita itxialdian eraldaketa digitalarekin lotuta egin diren inbertsioak ere. Jarduera eten zelarik, ekipoak eta makinak martxan jartzeko beharrezko gastuak ere barne hartzen ditu. Aurkezten diren proiektu guztiek gutxienez 500 euroko inbertsioa izan behar dute merkataritza, taberna, jatetxe eta ile-apaindegiak badira, eta 1.000 eurokoa, gainerako sektoreetakoek.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, "laguntza hauek funtsezkoak dira hiriko sektore ekonomikoen eskari nagusietako bati erantzuten baitiote. Lehen deialdian 300 eskaeratik gora jaso ziren eta orain malgutu egin ditugu betekizunak, dirulaguntzak merkatari, ostalari eta enpresari gehiagorengana irits daitezen. Lagundu egin behar diegu, bete-betean ari baitira krisiaren ondorioak pairatzen".

Sektorearen iradokizunek hainbat betekizun egokitzeko balio izan dute. Horrenbestez, bigarren deialdian 50 langile baino gutxiago (lehen deialdian 10 langile baino gutxiago) eta urteko negozio-bolumena 10 milioitik beherakoa duten enpresak aurkez daitezke (aurrekoan 2 milioitik beherakoa izan behar zuen). Halaber, ezabatu egin negozioaren antzinatasunaren muga (lehen bi urtekoa).

Laguntzarako 200.0000 euroak bi zatitan banatzen dira: Lehena, txikizkako merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzu pertsonalen sektorerako; bigarrena, lehenengo puntuan sartzen ez diren sektoreetarako.

Ekonomia Sustapenerako Sailak irekia du enplegua mantentzeko laguntzak eskatzeko epea, osasun-krisiak eragin dien hamar langiletik beherako enpresentzat. Dirulaguntza 2.000 eurokoa da egindako lanaldi osoko kontratu bakoitzeko, eta gehienez ere 6.000 eurokoa enpresa bakoitzeko.