Europan tradizio handia duen diziplina da txakurkros-a, eta Euskal Herrian ere gero eta gehiago praktikatzen du jendeak. Izatez, "mushing" izeneko kiroletik dator, hau da, trineoei tiraka egiten diren lasterketak. Txakurkros-ak, bestalde, txakur bat gerrian lotuta dugula korrika egitean datza, normalean, mendi-eremuan. Hortaz, esan daiteke "footing" moduko bat dela, baina txakurra uneoro egongo da pertsonari lotuta.

Gaur egun, gurean ere lasterketa ofizialak antolatzen dira. Mendi lasterketen oso antzekoak dira, baina egin beharreko distantzia txikiagoa izaten da, bost eta hamar kilometro bitartekoa, normalean. Baita desnibela ere. Izan ere, proba horietan, ezinbestekoa da txakurrarekiko errespetu handia izatea. Guztiz debekatuta dago txakurrari tirakadak eta bestelako edozein tratu txar ematea. Animalia gustura joan dadin, zenbait baldintza bete behar ditu jabeak.ZEIN BALDINTZA BETE BEHAR DUGU CANICROSA EGITEKO?

Lehenik eta behin, txakurra arnes berezi baten bidez lotuko dugu gure gerrira, inoiz ez lepoko batekin, horrek bereziki larriak diren lesioak eragin ditzakeelako.

Hortaz, ezin dugu alde batera utzi txakurraren zainketa, arduragabeak izateak txakurrari heriotza ekar diezaioke eta. Oso garrantzitsua da hogei gradutik beherako tenperaturekin korrika egitea, inoiz ez bero handia egiten duen egunetan. Hori dela eta, uda sasoian ez da lasterketarik antolatzen.

Horrez gain, apurka-apurka hastea komeni da, hilabeteak igaro ahala distantzia eta denbora handituz. Kirol hau praktikatzen hasi aurretik, gainera, albaitariak azterketa bat egin beharko dio, osasuntsu dagoela eta txakurkros-a egin dezakeela ziurtatzeko. Izan ere, txakur guztiek ezin dute egin: displasia dutenek esaterako, txakurkumeek, adinekoek, gaixoek, eta abar.

Nabarmentzekoa da jan ondoren egiteak tortsio gastrikoa eragin dezakeela. Bereziki larria da, hortaz, oso garrantzitsua da txakurrak jan duen momentutik korrika egiten hasi arte ordu batzuk igarotzea.

Gauzak ondo egiteko, txakurrak urtebeteko adina duenean, pixkanaka korrika egiten has gaitezke, kilometro bat edo bi gehienez. Hortik aste batzuetara, distantzia handitu eta hiruzpalau kilometro egingo ditugu. Baina inoiz ez dugu txakurra behartuko. Garrantzitsua da ere egunsentian edo iluntzean egitea, eta ez bero gehien egiten duen orduetan.NOLA EGITEN DA?

Esan bezala, arnes berezi bat behar dugu. Mosketoi batekin finkatuta egongo da, tiro-linea baten bidez. Ezin da arnes tradizionalik erabili, lesioak eragin baitiezaioke txakurrari eta giza-gidariari. Bi gorputzen arteko inpaktuak ekipamendu berezia behar du.

Hortaz, lehenik eta behin, arnes ergonomiko bat behar dugu. Erosoa izan behar du txakurrarentzat, ondo lotuta geratu behar da, larruazalean lesioak eragin ditzaketen marruskadurak saihestuz.

Horrez gain, tiro-linea ere behar dugu, txakurrarekin eta haren gidariaren arteko lotura. Malgua izan ohi da, bat-bateko tiraldiak saihesteko, eta azelerazioak moteltzeko. Gehienez bi metroko luzera du, baina apur bat luzeagoak izan daitezke.

Azkenik, gerriko bat beharko dugu. Zabala izan ohi da, eta tiro-lineari lotuko zaio mosketoi batekin. Gerriko batzuek gauzak gordetzeko poltsikoak dituzte, lasterketan zehar erabilgarriak izan daitezkeenak.

Beraz, oso normala da txakurrak gugandik tiratzea, horretan baitatza txakurkros-ak finean. Hori dela eta, ez dugu ahaztu behar txakurra asko nekatuko dela, eta gure ardura dela bere osasuna zaintzea. Kirol hau indibidualki egin daiteke, norbera bere txakurrarekin batera. Baina badira lehiaketei begira prestatzen diren klubak. Astean behin edo bitan elkartu eta elkarrekin entrenatzen dute.ZEINEK EGIN DEZAKE?

Izatez, urtebete baino gehiago duen edozein txakur osasuntsu balekoa da txakurkros-a egiteko, hala ere, ohikoena tamaina ertain-handiko txakurrak dira, 20 eta 35kg artekoak. Lehiatzeko txakur kualifikatuenak ehiza-txakurrak izaten dira, hala nola, brakoak, erresistentzia eta abiadura paregabea baitute. Maila onean lehiatzen diren beste txakur batzuk eskandinaviarrak dira, Husky Siberianoak, esaterako, baina zailtasunak izan ditzakete tenperatura altuekin.

Ez da oso gomendagarria txakur brakizefaloek intentsitate handiko ariketak egitea, arnasteko arazoak izaten baitituzte, eta gorputzeko tenperatura modulatzeko eta orekatzeko zailtasunak ere. Molosoide moduan izendatutako arrazek ere ez lukete praktikatu behar: Mastinak, Bernako boyeroak, boxerrak eta antzekoak. Hauek ere osasun-arazoak izaten dituzte ariketa fisiko gogorra egiten badute: bero-kolpe bat, arnasketa-arazoak, eta abar.

Albaitariak azterketa egitea funtsezkoa da, beraz, kirol hau egiten hasi aurretik. Fisikoki prestatuta egotea ezinbestekoa da bai txakurrarentzat, baita guretzat ere. Izan ere, hainbat modalitate dauden arren, txakurkros-ean ohikoena Sprint izenekoa da. Bost eta hamabi kilometro arteko ibilbideak egiten dira, baina distantzia aldatu egin daiteke federazio antolatzailearen arauen arabera.

Dena den, ez arduratu, apurka-apurka hasi behar baita. Hortaz, prestatzeko denbora hartu dezakegu. Osasun-fisikoari dagokionez, onura asko ditu, izan ere, sasoian mantenduko gaitu. Baina, horrez gain, gure txakurrarekin dugun harremana hobetuko du. Zeren zain zaude, beraz?