GASTEIZ. Gaur goizean, hilak 27, astelehena, Gasteizko gizarte-etxeen sarearen 2020-2021 kanpainako jarduera eta ikastaroen programa aurkeztu egin da. Guztira 18.110 plaza egongo dira, 409 kurtso ezberdinetan banatutakoak. Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek aurkeztu du, Iñaki Gurtubai alkateordearekin batera.

"Gizarte-etxeen sarea funtsezkoa da gasteiztar askorenentzat, berebiziko garrantzia dute beren bizitzan hurbileko ekipamendu eta zerbitzu horiek. Erronka handia izan da programazioa egokitzea, segurua izan dadin, eta zuhurtzia handiz jokatu da. Udal teknikarien ahaleginari esker lortu da. Kultura-, hezkuntza-, kirol- eta gizarte-eskaintza zabala izango da. Nolanahi ere, erabiltzaileei eskatu beharra daukagu arauak zorrotz bete ditzatela", nabarmendu du Borja Rodriguezek.

Pandemiaren beste agerraldirik egokituz gero bizkor erreakzionatu ahal izateko, ikastaro gehienek hilabeteko iraupena izango dute. Izena emateko iraileko lehenengo txandan, guztira 18.110 leku eskainiko dira, 409 jardueratarako. Aurten ez da argitaratuko informazio-liburuxka, aurreko urteetan bezala. Zerrenda, ordea, eskuragarri dago dagoeneko Udalaren webgunean, eta gizarte-etxeetan bertan ere ikusgai jarrita egongo da.

Era berean, ez da zozketarik egingo lekuak banatzeko. Irailean hasiko da izen-ematea, eta lehenengo bi egunetan online eta 010 telefonoaren bidez bakarrik egin ahal izango da. Horretarako, indartuko egingo da telefono bidezko arreta. Izena eman ondoren, gizarte-etxeetara joan ahal izango da ordainketa egitera, webgunean bertan egin ez bada; baita libre geratu diren jardueretan izena ematera ere.

Prebentzioari dagokionez, neurri espezifiko ugari hartu dira eta hartuko dira, hala nola, edukiera edo zirkulazioa kontrolatzea eta desinfektatzea. Gizarte-etxeetara sartzeko, indarrean dauden arau sanitarioak bete beharko dira, orain bezala: maskara nahitaez erabili, distantziak mantendu eta eskuak maiz garbitu. Gainera, ikasleek edo begiraleek, saioa bukatzean, hamar minutuz lan-eremua desinfektatzen jardun dezatela erabaki ahal izango da. Halaber, jarduera batetik bestera gutxienez 15 minutuko tartea utziko da, sarrera eta irteeretan gurutzea ekiditeko eta lekuak aireztatzeko. Horrez gain, kirol jardueretan nahitaezkoa izango da banakako toalla eta ur botilatxoa erabiltzea, eta kaleko oinetakoak kendu eta kirol oinetakoak janztea.

Murrizketa guztiak gorabehera, eskaintzak eutsi egiten dio herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten aisialdi-ohitura osasungarriak sustatzeko helburuari.

Prezioei dagokienez, % 40ko murrizketa izango dute abonatuek, euskara-ikastaroetan izan ezik, horiek beste murrizketa-irizpide batzuk baitituzte. Era berean, langabezian daudenek % 15eko murrizketa gehigarria izango dute.