Hendaia eta Angelu arteko hondartzak, Senpereko aintzira eta asialdi portuak gaur zabalduko dituzte kirola egin ahal izateko. Lanak direla eta, Bidarteko Erretegia eta Ziburun Zokoako gotorlekuaren hondartzek hetsiak segituko dute baina beste guzietan hondartza "dinamikoa" garatuko da bainatu, igeri egin, surfa egin, oinez ibili edo korrika egiteko bakarrik.

Toki batetik sartu eta beste batetik atera beharko da eta harearen gainean ezin izanen da eserita edo etzanda egon, are gutxiago taldean egon janari eta edariekin. "Goizeko 6.00 eta arratsaldeko 19.00 arte kirol piska bat egin ahal izanen da eta gero hondartzatik atera beharko da", dio Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak. "Osasun krisia dela eta, hondartzetako komun publikoek hetsiak izaten segituko dute. Baimen berezia lortu dugu itsas bazterra uste baino lehenago zabaldu ahal izateko eta beraz arazoak gertatzen badira gune horiek berriz hetsi beharko ditugu".

Frantziako Estatuko ostatu, taberna, jatetxe eta hondartzak hetsiak daude ekainaren 2ra arte. Dena den, Lapurdiko kostaldeko auzapez guztiek baimen berezia eskatu diote Eric Spitz gobernu ordezkariari itsas ertza zabaldu ahal izateko. Landak eta Girondako hondartzak ere gaur irekiko dituzte baina milaka bisitari hartu ohi duen Pila duna, Europako handiena, geroago zabalduko lukete. Udaltzainek 135 euroren isunak emanen dizkiete hondartzetan kirolik egiten ez dutenei eta jendarmeen helikopteroak bazterrak zainduko ditu ere. Duela zenbait aste, Guillaume Barucq Miarri-tzeko hautetsi, mediku eta surfzaleak proposatu zuen hondartzak berriz irekitzea ekonomia berpiztu eta kastrofe ekonomikoa eta soziala ekiditeko. "Hondartzak aire asko dagoen gune zabalak dira eta bertan ez dago arriskurik kutsa-tzeko. Gune aproposa da gure imunitario sistema estimulatzeko", Barucqen hitzetan.

Udan ia 40.000 lagun hartu ohi dituzte egunean Hendaiako hondartzan baina aurten gutxiago izanen direla aurreikusten dute muga hetsia denez gipuzkoar edo nafarrek ezin izanen baitute bertara joan. "Aldaketa handia jasanen dugu alde guzietatik begiratuta", dio Kotte Ecenarro alkateak. Frantziako gobernuak 18.000 milioi euroren laguntza emanen du turismoa sustatzeko. "Neurri ona da baina ez da aski izanen profesional batzuek galera handiak pairatuko baitituzte", uste du Nicolas Martin euskal elkargoaren turismo saileko zuzendariak. "Ostatuen erdia zabalduko dutenek gastu berak izanen dituzte. Mugikortasun arauak errespetatzeko lanak egin zituztenek prestamuak itzuli behar dituzte eta aurten ezin izanen dirurik sakeletik atera. Udan bakarrik lan egiten dutenek ez dituzte ateak zabalduko ere". Miarritzeko aireportuaren ateak ekainaren 8an zabalduko dituzte Pariserako hegaldiekin. Lehen hegazkinek loturak eginen dituzte bakarrik Roissy-Charles de Gaulle aireportuarekin Orlykoa hetsia egonen baita ekaina bukaera arte. Konpainia desberdinek ez dute oraindik erabakirik hartu beste hegaldiei dagokienez.