DONOSTIA. Martxoaren 23an Donostiako desinfekzio kanpaina hasi zutenetik, 139 desinfekzio egin dituzte guztira Donostiako Suhiltzaileak hiriko hainbat puntutan. Egun horretatik, batez beste eguneko zazpi desinfekzioko erritmoa daramatzate.

Desinfekzio lan horien xede 41 eraikin, instalazio eta azpiegitura izan dira, nahiz eta jarduera nagusia zaharren egoitzak eta laguntza espezializatuko zentroak desinfektatzea izan den. Guztira, mota horretako 30 zentrotan egin da desinfekzio lana.

Astero, eta kasu batzuetan astean bitan, hiriko suhiltzaileek eremu komunak desinfektatu dituzte, hala nola jantokiak, atsedenguneak, eskailerak eta korridoreak, bai eraikinen barruan bai kanpoan.

Herri Segurtasunako eta Herri Babesako zinegotzi Martin Ibabek adierazi duenez, "desinfekzio horiek maizago egin dira COVID-19 kasu positiboak hauteman diren zentro edo egoitzetan".

Egoitzetan ez ezik, suhiltzaileek aldian-aldian desinfektatze lanak egin dituzte Udalak eta beste erakunde batzuek kudeatzen edo behin-behinekoz antolatu dituzten aterpetxeetan autobus geltokian eta inoiz hiriko bi azoka partzialki desinfektatu dira.

OPERATIBOA

Desinfekzio horiek egiteko, egunero, Suhiltzaileen Zerbitzuak bi talde antolatzen ditu, bakoitza bost suhiltzailerekin, bata goizez eta bestea arratsaldez. Gauez, berriz, guardiako langileek egiten dituzte desinfektatzeak.

Ibabek ere nabarmendu nahi izan du "DYAren lana, suhiltzaileekin batera, desinfekzio-programa honetan aktiboki parte hartzen ari baita".

EGOITZETAN BIZI DIREN PERTSONEI AGURRA

Donostiako Udalak, Mugikortasun Sailaren bitartez, adinekoen egoitzetan bizi diren pertsona guztiak agurtzeko eta zoriontzeko ekimen bat jarri du abian, konfinamendu-egoerak irauten duen bitartean. Modu horretan, Udalak bere maitasuna eta babesa helarazi nahi die pertsona horiei guztiei. Aste honetan hiru bisitatu dituzte, Egian, Grosen eta Intxaurrondon.

Orain arte Donostiako haurrak protagonista baziren, oraingo honetan, gure adinekoak izango dira mugikortasun-agenteen bisita jasoko dutenak egoitzaren atarian edo hurbilen dagoen leihoan urtebetetze-egunean, eta kaletik zorionduko dituzte megafoniaz eta musikarekin.

Gaur eguerdian Intxaurrondoko Txara I.era joan dira, pertsona bati zorionak ematera. Aste honetan La Pazeko Andre Marian ere izan dira, Egian eta Villa Sacramenton, Grosen.

Bisitak egoitzekin koordinatuta egiten dira, egoiliarren egunerokotasuna gehiegi ez aldatzeko. Oraingoz, harremanetan jarri diren 21etik, 9 dira Sailaren deia jaso ondoren interesa agertu duten egoitzak.