Landetako kostaldean ere egunotan ez da giro. Garai honetan milaka turista hartu ohi dituzte Capbreton, Hossegor edo Mimizan bezalako herrietan, hauen artean Aste Santua bertara igarotzera doazen ehunka euskal herritar. Aurten lehen aldiz, taberna eta dendak itxita daude eta inor ez dabil itsas bazterrean edo eguneko arraina eskaintzen duen Capbretongo portuan. Autokarabanen desfilerik ere ez dago dunen ondoan. Segurtasun indarrek bazterrak zaintzen dituzte lurrean, urean eta airetik milaka herritarrek ez dutelako konfinamendua errespetatzen agintariek eskatu bezala.

Turismoa salbatzeko benetako Marshall plana Marshall planaeskatu dio Frantziako gobernuari Michel Durrieu Akitaniako turismoaren baztordearen zuzendari nagusiak. “Apirilean oporrik ez dago eta maiatzeko zubiak ere bertan behera geldituko dira. Iragarpen baikorrenak kontuan hartuz turismoa %60 apalduko da gutxienez”.

Datorren udan ere zailtasunak izatea aurreikusten du Durrieuk turista asko gaixorik egon litezkelako. “Askok lana galduko dute, eros ahalmena apalduko zaie eta nagusiek ez diete ohiko oporrik onartuko”. Landetako hegoaldean Labennen Les Pins Bleus kanpina apirilaren lehen egunean zabaldu zuten baina egunotan huts hutsa dago. Bertan ez zen sekulan horrelakorik ikusi garai honetan bete betea dagoelako eta aurten ere gainezka egon behar zuen toki guztiak erreserbatuta zeuden eta. Christine Labarbe zuzendariak dio betiko bezeroak ongi eta osasuntsu egotea dela bere kezka nagusia. “Harreman estua dugu Gipuzkoa eta Bizkaiko turistekin eta azken asteetan, bezeroen milaka galderei erantzun behar izan diegu telefonoz eta posta elektroniko bidez. Erreserba guztiak bertan behera gelditu dira noski. Dena geldituta dago apirilaren 15a arte baina argi dago biharamunean ez garela lanean hasiko, hau luzea izanen da”.

Bezeroei dirurik ez diete itzuliko aukera izanen baitute bertara joateko urri bukaera arte edo datorren urtean. Bost langileetatik bik baizik ez dute lanean segitzen eta berritze lanak gelditu behar izan dituzte. Dena den, Labarbek baikor egon nahi du eta ekainean gutxienez betiko giroa berpiztuko dela espero du. “Uda zoragarria izatea amets egiten dugu eta mugak laster zabaltzea ere nahiko genuke bezero gehienak hego Euskal Herrikoak direlako”. Itxaropentsu egoteko arrazoirik badu Christine Labarbek “euskaldun ba-tzuek erreserba bat egin digute orain ekainean zenbait egun gurean igarotzeko!”

Landetan turismoa inguruan lau mila lapostu biltzen dituzten 1.200 enpresa daude eta gehienei esker irabaziak lortzen dituzte negua igarotzeko Alain Bretelle ostalerren batasunaren presidentearen hitzetan. “Akizen ez dago gehiago inor ur beroez gozatzeko. Opor etxeak alokatzea debekatuta dago baina itxialdia bukatuko delarik lanean hasiko dira berriz. Hotelek zailtasun handiagoak pairatuko dituzte %30eko okupazioarekin ere langile guztiek lanean egon beharko dute eta”. Landetako zezenketa eta udako jaialdi gehienak bertan behera edo atzeratu dituzte.

Osasun krisia hasi zenetik lau lagun hil dira gaskoi lurraldean.

Itxaropena

“Harreman estua dugu Gipuzkoa eta Bizkaiko turistekin; erreserba guztiak bertan behera gelditu dira. Uda zoragarria izatea amets egiten dugu eta mugak laster zabalduko dituztela” diote turismo enpresariek.

1.200

Landetan turismo inguruan lau mila lanpostu biltzen dituzten 1.200 enpresa daude.