DONOSTIA. Donostia Innovation Challengearen amaierako fasea ospatu zen pasaden ostegunean, hilak 23, Donostiako Kursaalean. Bertan, hiriko ikastetxeetako 400 ikasle inguruk hartu zuten parte, Donostia hobetzeko proiektuak lau hilabetez landu ondoren.

Epaimahai batek erabaki du zeintzuk izan diren lanik onenak arlo bakoitzean eta guztiek errekonozimenduak jaso dituzte. Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren eskutik, burutu nahi duen berrikuntzaren aldeko apustuaren esparruan burutu da ekimena eta, ahalegin horretan, talentuaren sustapena hiriko garapen ereduaren funtsezko faktorea da.

Parte hartu duten taldeek proposatutako proiektu berritzaileen artean, Donostia Innovation Challenge-aren amaierako fasera iritsi dira, besteak beste, adineko pertsonak beste toki batzuetara lekualdatzeko errealitate birtualeko betaurrekoak, hiriko zabor edukiontzien ibilbidea bilketa kamioien lana eraginkorragoa izan dadin edo parke mugikor desmuntagarriak.

Lau hilabete hauetan zehar hiriko hamaika ikastetxek (Antigua Luberri, St. Patricks, Eskibel, Cebanc, Easo Politeknikoa, Ceinpro, Nazaret, IES Altza BHI, Zubiri Manteo, Axular eta Ekintza) parte hartu dute irakaskuntza eta ikaskuntza berritzailea sustatzen duen metodo honetan, merkatuko beharrekin eta kudeaketa instituzional eta administratiboarekin bat datozen gaitasunak eta ahalmenak garatuta.

Donostiako Kursaala izan da Donostia Innovation Challenge-aren amaierako faserako hautatutako eszenatokia. Jardunaldian zehar, talde parte hartzaileek beren proiektuak aurkeztu dituzte, lanik onenak hautatu dituen epaimahai baten aurrean:

  • 3D inprimaketaren erabilera onena: 'Print your teeth' (Ekintza)
  • Robotikaren erabilera onena: 'Smart Trash' (Axular)
  • Errealitate areagotuaren erabilera onena: 'Empathy' (Eskibel)
  • Adimen artifizialaren erabilera onena: 'Horus' (Easo)
  • Gauzen Internetaren erabilera onena: '3S' (Eskibel)
  • Proiektu berritzaileena: 'Humaniks' (Ceinpro)
  • Jokabide onena: 'Elikajan' (Cebanc)
  • Sormen handieneko ideia: 'Vagina U' (Luberri)
  • Bideragarritasuna eta kudeaketa ekonomikoa: 'Pestillos inteligentes' (St. Patricks)
  • Aurkezpen honena: 'Security GPS' (Zubiri Manteo)

Ernesto Gascok, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotziak, honakoa adierazi zuen: "Donostiaren garapen sozioekonomikorako funtsezko elementu gisa gauzatzen ari garen berrikuntzaren aldeko apustuan, ezinbestekoa da hezkuntza fase honetan burutzen den lana, ikasleek gaitasun tekniko jakinak eta teknologia berrien erabilera landu eta garatzeko aukera izan dezaten, bestelako gaitasun pertsonalagoekin batera, berrikuntzarako ezinbestekoak baitira, hala nola talde lana, sormena edo adierazpen gaitasuna, besteak beste. Apustu hori Donostia Innovation Campus programaren bitartez bideratu dugu eta horren barruan garatu ditugu Innovation Challenge honen moduko ekimenak. Hauen helburua da gazteak hiriak dituen erronken aurrean jartzea gaitasun horiek erabilita proposamenak landu ditzaten".