BILBO. Donostiako Kursaalak "Basque Railway 2020" nazioarteko IV. Trenbide Jardunaldia hartuko du hurrengo astean, urtarrilaren 22an. Ekitaldia Eusko Jaurlaritzak antolatutakoa da, eta bertan sektorearen garapenarekin zerikusia duten 500 eragile izango dira.

Ekitaldi horretan Europako trenbide-arloko erreferente nagusiek parte hartuko dute. Horien artean aipatzekoak dira jardunaldi baten irekieran parte hartuko duen François Davenne Trenbideen Nazioarteko Batasuneko (UIC) Zuzendari Nagusia; eta "Trenbidearen erronka berriak Europan" izeneko irakasgai magistrala eskainiko duen Libor Lochman esloveniarra, CER (Trenbideen eta Azpiegituren Europako Enpresen Erkidegoa) erakundeko Zuzendari Exekutiboa. Euskal errealitatera gehiago mugatzen diren gaiei dagokienez, Arantxa Tapia Sailburuak eta Andres Arizkorreta CAFeko presidenteak "Euskadiko Tren industriaren aukerak" gaiaren inguruan hitz egingo dute.

Ekitaldiaren laugarren edizioa da. 2007an, plaka gaineko trenbidearen gaia jorratu zen; 2008an, Trenbideko merkantzien garraioari buruzkoa izan zen; eta 2015ean, Prestazio handiko trenbideen ustiapenari buruz eztabaidatu zen bertan. Oraingo honetan, Basque Railway une erabakigarrian egingo da, Eusko Jaurlaritzak, ETSren bitartez, Euskal Y-aren Gipuzkoako adarreko obra zibileko lanak amaitu eta, obra zibil osoa 2023an bukatzeko helburuarekin Atotxako (Donostia) eta Ezkioko geltoki berria eraikitzen hastear dagoen unean, hain zuzen ere.

Jardunaldiaren helburua, beraz, bikoitza da. Alde batetik, sektorearekin batera, sare berria zerbitzuan jartzeko eta etorkizunean ustiatzeko konpondu beharreko alderdi teknikoak aztertuko dira, eta baita Laugarren Trenbide-Paketea indarrean jartzearen ondoriozko agertokia ere. Bestalde, abiadura handiko trenbide-sareen ontasunak eta eskualdeen garapen sozioekonomikoari eta lehiakortasunari eta mugikortasunari egiten dioten ekarpena sozializatu nahi dira, nazioarteko trenbide zabaleraren bitartez ahalmen handiko Europako sareekin konektatuz.

Eusko Jaurlaritzak, Euskotrenen bitartez, Bilbo, Gasteiz, Donostia eta baita Baiona eta Iruñea arteko intercity zerbitzuak ustiatzeko planak aurreratuko ditu.

Jardunaldiak Amurrio Ferrocarriles, Bombardier, CAF, Danobat, Dominion, Ekide, Ikusi, Ingeteam, JEZ Sistemas Ferroviarios, Talgo eta Thales enpresen laguntza izango du. Horiek guztiek stand gune bat izango dute, eta bertan, bertaratutako 500 profesionalek baino gehiagok networking-a egin ahal izatea aurreikusten da.

MoUren sinadura SHIF2RAILekin

Euskadi, Shift2Rail-ekin elkar ulertzeko memorandum bat (MoU) ixten duen Europako lehen eskualdea izango da. Txekiar Errepublikarekin lortutako gobernu-akordioaren ondoren, Europako eskualde batek trenbide-sektoreko ikerketarako eta berrikuntzarako proiektuen tresnekin/deialdiekin jarduteko eta batera finantzatzeko lehentasunezko estrategiak ezartzeko lankidetza-konpromisoa hartzen duen lehen aldia da.

Shift2Rail, egoitza Bruselan daukan eta Europan trenbide arloko ikerketa eta berrikuntza gehiena bideratzen duen erakundea, Europako Batzordeak, Europako beste zazpi tren-enpresa sortzailerekin batera, sustatutako ekimen publiko-pribatua da. Enpresa horien artean dago Euskadiko CAF multinazionala. Shift2Railek beste enpresa elkartu batzuk ere baditu, AERNNOVA eta TALGO besteak beste, eta baita TECNALIA eta CEIT ikerketa-zentroak eta Europako hiru unibertsitate ere, horietako bat Euskal Herriko Unibertsitate Publikoa UPV/EHU. Shift2Rail 2014an sortu zen, eta 920 milioi euroko aurrekontua du.

Akordioak bultzada berri eta garrantzitsua emango dio trenbide-sektorearen garapenari Euskadin, eta, aldi berean, euskal berrikuntza-ekosistema indartzeko balioko du. Monique Van Wortel Shift2Raileko arduradunak eta Tapia sailburuak, BASQUE RAILWAYren barruan izenpetuko dute aipatutako MoUa.